Bilboko Kontsuladuaren bost mendeko historia jaso dabe Ondare aretoan

Bizkaie! 2012-01-12 10:43   Kulturea

Bilboko Kontsuladuaren 500. urteurrena gogoratzeko erakusketea edegi dau Bizkaiko Foru Aldundiak Ondare aretoan, zezeilaren 28ra arte. Erakundearen historia azaltzeko makina bat agiria, marrazkia, plano eta objektu ipini ditue ikusgai.

Bilboko Kontsuladuaren 500. urteurrena gogoratzeko erakusketea edegi dau Bizkaiko Foru Aldundiak Ondare aretoan, zezeilaren 28ra arte. Erakundearen historia azaltzeko makina bat agiria, marrazkia, plano eta objektu ipini ditue ikusgai.

Bilboko Kontsuladua 1511. urtean sortu zan, uriko merkataritza-jarduerea arautzeko. Merkataritzeari lotutako guztiaz arduratzen zan, Bilboko portuko lanez eta Nerbioi ibaiaren inguruan sortzen ziran gatazkez bere bai. Jurisdikzino zibil arruntetik kanpo egoan auzitegia zan.

Kontsuladuak funts ugari ditu, 25.000tik gora katalogauta; baina, erakusketan, 106 elementu dagoz ikusgai. Danetara, 41 plano, mapa eta marrazki, bost koadro eta hamaika agiri -gehienak lehenengo aldiz erakutsiko dituenak- batu ditue Ondare aretoan. Dokumentuen zatirik handiena Foru Agiritegiko funtsekoak dira, eta horrekaz batera, norbanakoek lagatakoak erakutsiko dira, berbarako Jose Maria Arriola, Jose Maria Hormaza, Astarloa Liburudenda eta Sancho el Sabio Fundazinoa eta Foru Liburutegikoak.

Erakusketako objektuen artean, besteak beste, hauteskundeetan erabilitako botoak batzeko hautestontzia, Euskal Museotik ekarrita, eta akuarelekaz pintautako Bilbo historikoaren eszenak, Arte Eder Museoak, Sociedad Bilbaina alkarteak edo Bilboko Euskal Museoak lagata. Balio handiko agirietako bat 1511. urtean Kontsuladua sortu zanean dekretuz agindutako lau ordenantza da, eskuz idatzitakoak. Foru Aldundiak beren-bneregi zaharbarritu ditu. 1737. urteko Ordenantza Barriak be badagoz, testuotan sasoi haretako merkataritza-zuzenbidea jasoten da. Espainiako Merkataritza Kodea eratzeko eredu izan ziran, hain zuzen be. Merkataritza-liburuak, kanbio-letrak, aseguru-polizak eta nabigazino-kartak erakusketako beste objektu garrantzitsu batzuk dira.

Kartografiak erakusketa aretoko eremu handia hartzen dau: XVI. mendetik XVIII. mendera arteko mapak dagoz, Kontsuladua martxan egon zan sasoikoak.

Ondare aretoko erakusketa honegaz, eta Euskal Museoak eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak egindako erakusketekaz, amaitu da Bilboko Kontsuladuaren V. mendeurrena eta Bilboko Merkataritza Ganberaren 125. urteurrena ospatzeko antolatutako erakusketa zikloa.

Ondare aretoa Bilboko Maria Diaz de Haro kaleako 11. zenbakiak dago. Erakusketaren ordutegian ondokoa da: astelehenetik barikura,10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara: zapatuetan,11:00etatik 14:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu