Caixa eta Macba museoaren bildumeak hasiko dau Bilboko Guggenheimen 2012ko egitaraua
2011-12-21 11:09 KultureaBilboko Guggenheim museoko fundazinoaren patronatuak 2012ko aurrekontua eta arte-egitaraua onartu barri ditu. Datorren urtean, Caixa Fundazinoaren eta Bartzelonako MACBAren bildumea, David Hockney, Cristina García Rodero, Egon Schiele eta Claes Oldenburgen lanak izango dira ikusgai, besteak beste.
Bilboko Guggenheim museoko fundazinoaren patronatuak 2012ko aurrekontua eta arte-egitaraua onartu barri ditu. Datorren urtean, Caixa Fundazinoaren eta Bartzelonako MACBAren bildumea, David Hockney, Cristina García Rodero, Egon Schiele eta Claes Oldenburgen lanak izango dira ikusgai, besteak beste.
Patronatuaren batzarrean Patxi Lopez lehendakaria izan zan buru, eta bertan izan ziran Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbao, kultura sailburu Blanca Urgell, Bizkaiko kultura diputadu Josune Ariztondo, Bilboko alkate Iñaki Azkuna, New Yorkeko Guggenheim Museoko zuzendari Richard Armstrong, Bilboko Guggenheimeko zuzendari Juan Ignacio Vidarte eta Fundazinoaren gobernu-organo gorenaren kide diran enpresa eta erakundeetako ordezkariak.
Batzarrean 2012ko aurrekontua onetsi eben, eta igazkoaren aldean apur bat txikitu egin dabe. Datorren urteko egitarauari jagokonez, sei erakusketaren barri emon eben.
Urtarrilaren amaieran, Ispilua alderantziz: La Caixa Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea erakusketea edegiko da. Erakunde bien artelan esanguratsuenak izango dira ikusgai; 1940ko hamarkadearen amaieratik gaur egungo artetik ibilbide bat izango da, arte garaikidean eragin handia izan daben artisten eta mobimentuen pinturak, eskulturak, argazkiak eta bideoak egongo dira.
Maiatzean, David Hockney zabalduko da. Azken urteetako 200 bat lan izango dira; paisajeetan inspirauta dagoz eta gehienak neurri handikoak dira. Horreekaz batera, 1956 eta 2000 artean egindako lanak egongo dira. Hockneyren artearen lehenaldiari begiratzeko modua agertuko dau erakusketeak; izan be, iragana ikertzen dau, horretan sakontzen dau.
Cristina García Rodero: Zeru-lur artean irailaren amaieran inaugurauko da. Artistearen heldutasuneko lanak ikusgai izango dira. García Roderoren lanak dokumentalismo klasikoaren arlokoak dira: egia, zinezkotasuna eta gogoratuarazoteko asmoa haren argazkien itxurearen eta konposizinoaren azpian dagoz. Azken urteetako lan adierazgarrienak batuko dira; argazkilariaren ibilbidearen lerro nagusiak eta haren lanen ekarpena egungo estetikeari azalduko dira.
Urrian, Egon Schiele erakusketea izango da; Albertinako grafika-lanen bildumako ehun bat lan, Schiele espresionista austriarrarenak. Schielerrek lantzen dauen espresionismoa sano berezi eta personala da: azalera lauak apaingarri lez erabili zituan,Vienako Sezesioaren estiloko lerroak bere bai. Modu berean, haren lanaren beste alderdi batzuk ikertuko dira erakusketan; berbarako, autorretratua.
Beste erakusketa bat edegiko dabe urrian, Claes Oldenburg-en 1960ko eta 1970ko hamarkadetako lanen ganekoa. Oldenburg artean nabarmen eragin dauen artistea da, 1950eko hamarkadatik. Antologia honetan bere ibilbidearen hasierako instalazinoak, horrekaz batera egindako happeningak, eguneroko objektuen eskultura itzelak eta uri askotan egindako monumentu erraldoiak egongo dira. Horrezaz gan, marrazkien aukeraketa zabala ikusgai izango da, orain arte erakutsi bako oharrakaz batera.
Zemendian, 2012ko arte-egitarauaren azkenengo erakusketea abiatuko da. Guggenheim Bilbao Bildumako aukeraketak zikloaren hirugarrena izango da. Erakusketeak 1980ko eta 1990eko hamarkadetako arte-eztabaidak azalduko ditu; AEBko eta Europako artistek, 1960ko hamarkadan jardunean hasitakoek, biztu zituen eztabaidok.
Aurrekontuez eta egitarauaz gan, Museoak Aletz Katz artistearen Smiles (1993-94) saileko 11 lan eskuratu dituala jakinarazo eben. Katzen lanak 1.700.000 dolarren truke erosi dira.
Errusiar immigranteen seme, Alex Katz Brooklynen, New York-en jaio zan 1927an, eta haren belaunaldiko artista esanguratsuenetakoa da. Cooper Union School of Art (1946–1949) arte-eskolan eta Skowhegan School for Painting and Sculpture (1949–1950) eskultura- eta pintura-eskolan ikasi eban. 1954an, 27 urte zituala, egin eban lehen bakarkako erakusketea New Yorkeko Roko Galleryn.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!