Euskerazko Wikipediarako ekarpen onenei Iñaki Ugartebururen omenezko sariak emon deutseez
2011-09-15 14:55 sariak-autortzakAurtengo ekitaldian zazpi saritu egon dira, lau jakintza-alor nagusitan banatuta. Azkue Fundazinoak antolatzen dau sariketea euskerazko Wikipediara aurten igondako artikulurik osoenak nabarmentzeko.
Bigarren urtez egin dabe sariketea eta aurtengo ekitaldian zazpi saritu egon dira, lau jakintza-alor nagusitan banatuta. Azkue Fundazinoak antolatzen dau sariketea euskerazko Wikipediara aurten igondako artikulurik osoenak nabarmentzeko. Euskeraz be gai guztien gaineko informazinoa dago, euskerea edonon eta edozertarako erabiltea posible dala erakusten deusku horrek, azpimarratu dau Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura Diputadu eta Azkue Fundazinoko buruak.
Euskerazko Wikipedian, gaur egun, 104.000 artikulu dagoz, urtebetean bikoiztu egin da sarrera kopurua, euskerearen txikitasunaren barruan, tresna handia bihurtu jaku Wikipedia, azaldu dau Ariztondok. Unibersidadeetako ikasleak proiektuan parte hartu eta artikuluak idaztera animau ditue Iñaki Ugarteburu lehiaketearen bidez eta onenei saria emon deutsee. Edukiaren osotasun eta kalidadea, euskerearen jatortasun eta aberastasuna eta erabilitako multimedia baliabideak aintzat hartuta erabagi ditu sarituak epaimahaiak.
Osasun Zientzietan, lehenengo saria Iñigo Romero Arandiarentzat izan da, Barne belarri artikuluagaitik eta bigarren saria, Amaia Iribarrenentzat, Xerostomia lanagaz. Natur Zientzietan, Adrian Hugo Llorente Aginagaldek irabazi dau, Antropologia fisikoa artikuluari esker eta bigarren, Iñigo Romero geratu da, Difusioz mugatutako agregazioa lanagaz. Gizarte Zientzietan, Aitor Gorrotxategi Iraola izan da saritu bakarra, AMIA analisi izeneko artikuluagaitik. Amaitzeko, teknika eta teknologia arloan, Jon del Olmo Larrañagak irabazi dau lehenengo saria, Kontrol lausoko sistema artikuluagaz eta Naroa Sasieta izan da bigarren, Mikrokontrolagailu lanagaz. Unibersidadeko adituek osotutako epaimahaiak sariketara aurkeztutako lan guztien kalidade bikaina azpimarratu dau.
Jakintza librea bultzatu eta euskerea esparru guztietara zabaltzen laguntzea dira Azkue Fundazinoaren helburuak eta Wikipediak horren aldeko lana egiten dauenez, sariketea bat dator gure filosofiagaz, azaldu dau Josune Ariztondok. Iñaki Ugartebururen omenezko izena daroa lehiaketeak, 2.0 belaunaldiak baino lehenago, euskerea alor guztietara zabaltzen ibili zan Iñaki, esan dau Ariztondok, lan bikaina egin eban euskerearen hedapenean eta hori guztia autortu gura izan dogu. Iñaki Ugarteburu zanaren alarguna eta seme-alabak egon dira Bilbon egindako sari-banaketan.
Andres Urrutia Euskaltzainburua, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Zuzendari Miren Dobaran, Bilboko Udaleko Euskera zinegotzi Sabin Anuzita eta EHUko zein Deustuko Unibersidadeko ordezkariak be egon dira. Euskerea beste hizkuntza handien mailan ipini nahi dogu eta hori apurka-apurka egiten dan lana da, horretan gazteek garrantzia handia eukiko dabe eta teknologia barriak ezinbestekoak izango dira, azpimarratu dau Josune Ariztondok. Sariketarako lanak aurkezteko epea maiatzean amaitu zan, baina gaur arte ez dabe irabazleen barri emon, irailaren 17an, sofware librearen munduko eguna dalako eta horregaz bat egin gura izan dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!