Serra eta Brancusiren atzera begirako erakusketea urrian ailegauko da Bilboko Guggenheimera

Bizkaie! 2011-08-04 15:36   Kulturea

Bilboko Guggenheimek Serra-Brancusi erakusketea edegiko dau urriaren 8an, XX. mendeko eskultore bi horrei sekula inoiz eskainitako garrantzitsuena museoko arduradunen arabera. Constantin Brancusi (1876-1957) eta Richard Serra (1939) artistek loturak erakutsiko ditue Bilbon ikusgai egongo diran 50 piezek. Basileako Fondation Beyeler-ekin lankidetzan antolatu da erakusketea, eta Oliver Wick izango da komisarioa.

Bilboko Guggenheimek Serra-Brancusi erakusketea edegiko dau urriaren 8an, XX. mendeko eskultore bi horrei sekula inoiz eskainitako garrantzitsuena museoko arduradunen arabera. Constantin Brancusi (1876-1957) eta Richard Serra (1939) artistek loturak erakutsiko ditue Bilbon ikusgai egongo diran 50 piezek. Basileako Fondation Beyeler-ekin lankidetzan antolatu da erakusketea, eta Oliver Wick izango da komisarioa. Brancusiren eskulturak lehen aldiz ipiniko dira ikusgai Espainiako estaduan, atzera begirako erakusketa honen bidez.

Serra-Brancusik eskultura garaikidearen mende bat baino gehiagoko garapenaren ikuspegia eskainiko dau, eta eskultore bien lanak alderatuko ditu, euren arteko alkarrizketa edegia proponiduz. Brancusi Errumanian jaio zan, eta Parisen bizi izan zan 1904tik. Eskultura-irudiak oinarrira eroan zituan eta eskultura abstraktuaren funtsezko euskarriak ezarri zituan. Handik mende erdira, Richard Serra artista estatubatuarrak eskulturearen efektua zehaztu eban barriro; horretarako, ikuslea erakarteko altzairuzko pieza minimalistak sortu zituan. Biek aldatu dabe eskultura modernoaren ibilbidea, adituen eritxiz.

Brancusiren eragina sano garrantzitsua da Serraren jardueran. 1964 eta 1965 urteen artean, artistak Yale unibersidadeko (AEB) diru-laguntzinoa jaso eban Parisen ikasteko, eta han zazpi urte lehenago hildako maisuaren tailerra egunero bisitau eban, bertan, marraztu eta hausnartu eban, haren inguruko dan-dana ulertu guran. Esperientzia horrek eragin sakona izan eban Serrarengan, eta eskulturearen bidea hartzera bultzatu eban. Brancusiren tailerra, Serraren esanetan, eskulturearen aukeren gidaliburua izan zen berarentzat.

Gaika antolatutako 30 lanek osotuko dabe Brancusiren funtsezko eskulturen ibilbidea. Aukeraketak artistearen jarduera profesionalaren 40 urte hartzen ditu, eta ikusleari bere eskultura-unibersoaren gakoa eskaintzen deutsa. Ikusgai egongo diran eskulturen artean dagoz Le Baiser, Têtes d’enfant eta Muses endormies, Oiseaux dans l’espace, Princesse X, Adam et Ève eta La négresse blanche.

Serraren 40 urteko jarduera eta garapenaren inguruko ibilbidea eskainiko dabe ikusgai egongo diran haren bederatzi beharrek. Erakusketan, eskultore estatubatuarraren hasierako kautxuzko eta berunezko lanak egongo dira, besteak beste, Belts (1966–67) eta House of Cards (1969). Modu berean, altzairuzko eskultura bereizgarriak be izango dira, berbarako, Circuit (1972) eta 1,2,3,4,5,6,7,8 (1987).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu