Leioako Umore Azokeak alkarlan hitzarmenak sinatu ditu

Bizkaie! 2011-04-05 18:02   Kulturea

Leioako Umore Azokeak alkarlan hitzarmenak sinatu ditu Aragoi eta Illes Ballearseko gobernuakaz, Extremadurako Juntagaz, Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeagaz eta Galizako Asociación de Nuevo Circo Pistacinkogaz.

Leioako Umore Azokeak alkarlan hitzarmenak sinatu ditu Aragoi eta Illes Ballearseko gobernuakaz, Extremadurako Juntagaz, Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeagaz eta Galizako Asociación de Nuevo Circo Pistacinkogaz. Leioako Umore Azoka – Leioako Kaleko Artisten Azokea sektore merkatua be bada urtero, kaleko arte eszenikoak sustatzeari dedikatua. Sortzaile barrien eta eskarmentu handiko artisten zerbitzura jarritako sarbide plataformea da Umore Azokea difusino zirkuituetarako, arte eszenikoen profesionalentzako topagunea.

Umore Azokearen antolakuntzeak hartu-emon ugari izan ditu Leioan presentzia aktiboa izan nahi daben Autonomia Erkidego eta alkarte desbardinakaz, alkarlana sustatzeko asmoagaz. Esangura horretan, aurten hiru Erkidego Autonomo (Aragoi, Illes Balears eta Extremadura) eta alkarte bi, Iparraldeko Euskal Kultur erakundea (EKE) eta Galizako Asociación de Nuevo Circo Pistacinco batu dira kooperazino kulturala eta autonomien arteko truke artistikoa areagotzea lako balioak sustatzeko helburuagaz, eta horren emoitzea da programa propioa, Umore Azokearen marko orokorraren barruan.

Akordioek, beste ekintza batzuen artean, honako taldeen emonaldiak ekarriko ditue:

Aragoitik:

- CirteAni Circo Ambulante lanagaz, edonorentzako zirku, antzerki eta animazino ikuskizuna.
- Los Titiriteros de Binéfar (2009ko Ume eta Gazteentzako Antzerki Sari Nazionala) Babios, pasacalles en Babia lanagaz.
- Proyecto D_Ruses-ek, jantza pieza barria estreinauko dau, Citeaux, Jordi Vilaseca eta Mickael Marsók -Erresuma Batuko Decalege konpainia ospetsukoa- sortua eta interpretatua.

Illes Balearsetik:

- Mariantónia Oliver konpainia, bi ikuskizunekaz: nOu, familiarentzako jantza ikuskizuna, eta Boutique, ez ohikoa dan espazioan jazoko dan emonaldia.

Extremaduratik:

- Guirigai Teatro konpainia, Camino del paraíso lanagaz.
- Al Suroeste Teatro & Tuto Tul, Naturaleza rota antzerki eta clown buztarketea dan ikuskizunagaz.


Euskal Kultur Erakundea
ren laguntzinoagaz, Kilikolo Zirko barriak Bi lana agertuko dau.


Asociación de Nuevo Circo Pistacincoren laguntzinoagaz, Galizan lantzen dabilzan zirko barriaren laginak:

- Lusco e Fusco konpainia, Encuentros lanagaz.
- Ringo Rango konpainia, Ringo rango lanagaz.
- Pyg Circus konpainia, Goces lanagaz.
- Malabaranda konpainia, Residúo lanagaz.

Horrezaz gan, lanerako batzorde iraunkorrak sortu dira ekintzak, prestazinoak, kontraprestazinoak eta hitzarmenetan dagozan akordioak egikaritzeko moduak zehazteko, baita horreek eta euren edukia komunikau eta sustatzeko ekinza egokiak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu