Karlos Santistebanek irabazi dau Blas de Otero poesia lehiaketako euskerazko saria

Dabi Piedra Robledo 2011-02-02 14:42   sariak-autortzak

Karlos Santistebanek Oroimenaren lorratzak lanari esker eskuratu dau poesia lehiaketako euskerazko saria eta espainolezko atalean, barriz, Elena Roman Torresen Esta dichosa ansiedad domestica obrea saritu dau epaimahaiak.

Bilboko udaletxeko arabiar aretoan egin dabe sari banaketea, Iñaki Azkuna alkatea buru eta, ohiko moduan, Blas de Oteroren alarguna, Sabina de la Cruz, be egon da. Karlos Santistebanek Oroimenaren lorratzak lanari esker eskuratu dau poesia lehiaketako euskerazko saria eta espainolezko atalean, barriz, Elena Roman Torresen Esta dichosa ansiedad domestica obrea saritu dau epaimahaiak.

Hirugarrenez antolatu dabe aurten Blas de Otero poesia sariketea, bilbotar olerkari handiaren omenez. Bilboko poeta handienetako bat dogu, Miguel de Unamuno Gabriel Arestigaz batera, horregaitik, ezinbestekoa da Blas de Otero gogoan eukitea azaldu dau Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Bilbon olerkigintzeak uste baino jarraitzaile gehiago dituala be azpimarratu dau Azkunak.

Lehiaketako epaimahaia, euskerazko alorrean, Castillo Suarez eta Jon Kortazar idazleek osotu dabe eta bost lanen artean aukeratu behar izan dabe: Aurreko urteetan baino obra gitxiagok hartu dabe parte, baina kalidadea bikaina izan da, aitatu dau Suarezek. Amodioaren eta eguneroko erronken irudi zehatza metaforen bidez marrazten bete-betean igarri dau Santistebanek, esan dau Castillo Saurezek, irabazlearen poemak nabarmentzeko. Karlos Santisteban Karrantzako idazleak (izan da ba sasoia bizkaitar batek sari hau irabazteko!' poztu da Iñaki Azkuna), bere bizitzako jazoera garrantzitsuak batu ditu Oroimenaren lorratzak obran, amodioa ardatz hartuta. Ez da amodiozko liburua, hori baino gehiago da, urteotan egindako pausuen, bizitako esperientzia eta mugarrien kontaketea da, zehaztu dau Santistebanek. Sariak jasoteari ez ei deutso horrenbesteko garrantziarik emoten, baina Blas de Otero lehiaketako irabazlea izateak poztu egin dau Santisteban, orain saririk onena jenteak liburu hau irakurtea izango da, ganeratu dau.

Espainolezko alorrean, epaimahaikideek lan luzeagoa euki dabe, 71 lan epaitu behar izan ditue eta. Elena Roman Torres, Toledon bizi dan Kordobako idazleari emon deutsie saria, Esta dichosa ansiedad domestica lanak egunerokotasunaren irudikapen berezia egiten dauelakoan, lantzean ironiko eta errealista, lantzean xalo eta surrealista.

Blas de Otero saria 2008tik emoten dabe Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazinoak. Alde batetik, herritarrak literaturara, poesiara, erakartea eta, bestetik, Blas de Oteroren barri zabaltzea dira lehiaketearen helburuak. 6.600 euroko saria emon deutsie irabazle bakotxari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu