Abadiñoko Udalak bardintasunean oinarritutako jaien aldeko bereizgarriak emongo ditu gaur San Blas egunean
2010-02-03 10:02Abadiñoko Udalak 'Jai parekideen alde' goiburua daben bereizgarriak banatuko ditu San Blas jaietan. Ekintza hori Abadiñoko Udaleko Bardintasun Arloagaz batera egindako kanpaina baten barruan dago, eta jaiak bardintasunez gozetea dau helburu. San Blasetako egun nagusia gaur, zezeilak 3, da, nekazaritzako eta abeltzaintzako tradizinozko azokea egiten dan eguna
Abadiñoko Udalak (Bizkaia) 'Jai parekideen alde' goiburua daben bereizgarriak banatuko ditu San Blas jaietan. Ekintza hori Abadiñoko Udaleko Bardintasun Arloagaz batera egindako kanpaina baten barruan dago, eta jaiak bardintasunez gozetea dau helburu. San Blasetako egun nagusia gaur, zezeilak 3, da, nekazaritzako eta abeltzaintzako tradizinozko azokea egiten dan eguna, hain zuzen.
Bardintasun Arloko zinegotzia dan Argi Abadek adierazo dauenez, jaiegun honeetan Udalak preserbatiboak be banatuko ditu; HIESaren kontrako T4 alkarteak emon deutsoz preserbatibo horreek, Durangaldeko Mankomunidadean droga-menpekotasunen prebentzinorako dagoan zerbitzuaren bidez.
Jaien programan txertatuta dagoan kanpaina honen publizidadearen bitartez, Abadiñoko Udaleko Bardintasun Arloak gogoratu nahi dau 'ze garrantzitsua dan jaiak begirunez gozetea eta ezelako gehiegikeriarik ez onartzea'. Era berean, Udalak dei egingo deutse gizonei eta emakumeei, erantzukizunak alkarren artean bana daiezan, 'izan be, era horretan, danek denpora bera izango dabe, jaiak bardintasunez disfrutetako'.
Abadek nabarmendu dauenez, 'normalean, jaietan emakumeek lan gehiago egin behar izaten dabe, bazkariak eta bestelako ospakizunak antolatzen diralako'. Hori dala eta, 'gure ustez, oso komenigarria da gizonak sentibera bihurtzea, etxeko lanak eta adin txikikoen ardurak beregain har deiezan. Holan, emakumeek aisialdiaz gozau ahal izango dabe'.
Bestetik, zapatuan, zezeilaren 6an, Abadiñoko Udalak bazkari bat antolatuko dau baserritarrak eta eskulangileak diran emakumeentzat, emakume horreek baserri-giroan egiten daben zeregina ikusteko eran jarri eta nabarmentzeko. Badira bost urte Udala bilera hori antolatzen hasi zanetik, eta igaz hamar emakume batu ziran. Bazkaria Soloa jatetxean izango da, eta prezioa 30 eurokoa. Izena emoteko, 944669420 edo 662326118 telefono-zenbakietara deitu behar da, eta gaur, hilak 3, amaituko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!