Abuztuaren 10era arte luzatu dabe Bilbao Urban Expressions jaialdian izena emoteko epea

Bizkaie! 2009-07-30 15:28

Inspirazino-iturri legez gai bakarra proponiduko jake parte hartuko daben guztiei: Bilboko betiko txapel urdina. 20 diseinugile hautatuko dira, euren sortze-lanak erakusteko eta saltzeko aukerea izan dagien, irailaren 28tik urriaren 4a bitartean, ekimenaren alde egin daben Bilboko Zazpi Kaleetako saltokietan.

Jet Lag Bio 09 Bilbao Urban Expressions jaialdiak datorren abuztuaren 10era arte luzatu dau 'Modaren eta Joeren Mapa' lehiaketan izena emoteko epea. Jet Lag Bio-k martxan jarritako ekimen hau euren lana jentaurreratu gura daben 17 eta 35 urte bitarteko bilbotar gazteentzat preparautako moda eta joeren lehiaketea da, antolatzaileek azaldu dabenez.

Inspirazino-iturri legez gai bakarra proponiduko jake parte hartuko daben guztiei: Bilboko betiko txapel urdina. 20 diseinugile hautatuko dira, euren sortze-lanak erakusteko eta saltzeko aukerea izan dagien, irailaren 28tik urriaren 4a bitartean, ekimenaren alde egin daben Bilboko Zazpi Kaleetako saltokietan. Saltoki horreen promozinoa 'Modaren eta Joeren Mapa' batean egingo da, Jet Lag Bio 09-k eta Gazteen Informazio Bulegoak banatuko dauena, jarduerak eta saltokiak ezagutarazoteko.

Proposamenak abuztuaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira, eta aukeratutako 20 partaideek irailaren 24ra arteko epea izango dabe euren produktuak garatzeko, gero, Bilboko saltokietan gehienez be 100 euroko prezioan salgai jarteko.

Hautatutako lanak doban banatuko dan katalogo batean batuko dira. Jarduerearen amaieran, bezeroek eta bisitariek erabagiko dabe nor dan lehiaketaren irabazlea, www.bilbaojetlag.net web-orrialdearen bitartez botoa emonda. Irabazleak sari batzuen artean aukeratu ahal izango dau: asteburu bat pasatzea joeren azoka batean edo moda jaialdi batean, diseinuak egiteko zerbitzuak dituan ordenagailua, edo urtebeteko publizidade gastuak irabazleak berak aukeratzen dauen komunikabidean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu