Expodistritok lau erakusketa zabalduko ditu bagilean Bilboko barrutietako udaltegietan
2009-06-01 11:55 KultureaPinturea da protagonista nagusia Kultura Sailaren programa honetan, artista desbardinen lanak beste horrenbeste auzoetako udaltegietan txandakatuz jarten diralarik. Oraingoan, San Inazio-Ibarrekolanda, San Frantzisko, Begoña, Barrainkua eta Castaños auzoetako udaltegietan egongo dira ikusgai erakusketak.
'Expodistrito' ekimena, udaltegietan txandakatzen dan aldi baterako erakusketa zikloak arte plastikoen lau lagin eskainiko ditu bagilean zehar. Pinturea da protagonista nagusia Kultura Sailaren programa honetan, artista desbardinen lanak beste horrenbeste auzoetako udaltegietan txandakatuz jarten diralarik. Oraingoan, San Inazio-Ibarrekolanda, San Frantzisko, Begoña, Barrainkua eta Castaños auzoetako udaltegietan egongo dira ikusgai erakusketak.
San Inazio-Ibarrekolanda udal zentruan, gaur astelehena, hilaren 1etik barikura, hilaren 12rarte, Euskal Akuarelarien Alkartearen erakusketea egongo da ikusgai 'Bilboko plazak eta parkeak' izenburuagaz. Honetan, uriburuko zenbait leku esanguratsuetako ikuspegi desbardinen errepasoa egiten da. Hau gero Castaños Udaltegian ikusi ahal izango da hilaren 15 eta 30 bitartean, Bizkaiko Artisten Alkarteko erakusketeari txandea hartuz. Hau orain eta zentru honetan hilaren 12rarte bisitau ahal izango da.
Luis Candaudap pintore bilbotarrak San Frantzisko udaltegian erakutsiko ditu bere lanak hilaren 12ra bitartean eta Begoñan, barriz, hilaren 15etik 30era. Paisajeetan oinarritzen diran akuarelek, pinturaren zein literaturearen esparru zabal baten eragina dabe ('Luz de Agosto' deitzen da erakusketea, William Faulknerren eleberriaren errefentzia garbia).
Era berean, hilaren 12rarte, Barrainkua Udal Zentruan Raquel Rochas Valladolidarraren oleoak jarriko dira ikusgai eta hor itsas paisajeakazko dauen xarma erakusten da. 'Itsasoaren xarma pintore batentzat oso erakargarria da; bere koloreak aldatuz doaz, batzuetan urdin bizia, beteetan esmeralda berdea, bioleta... Eta ilunabarra islatzen danean, urre koloreak eguzkiaren urrezko distirakaz nahasten dira' Rochasen esanetan.
'Expodistrito' ekimenaren helburu nagusia urian izaten diran adierazpen artistikoak deszentralizetea eta ahalik eta herritar gehienei hurreratzea da; beste helburu batzuk be baditu: artista barriak ezagutarazo nahi ditu, bai eta dagoeneko ezagunak diranen lanak erakutsi be. Programa estilo eta modalidade artistiko guztietara dago zabalik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!