Mondragon Unibersidadeak Finlandiako hezkuntza-ereduan oinarritzen dan gradu titulu bat eskainiko dau

Bizkaie! 2009-04-17 11:32

Mondragon Unibersidadeak (MU) Finlandiako hezkuntza-ereduan oinarritzen dan Lidergo Ekintzailea eta Barrikuntza gradu titulua emongo dau datorren ikasturtetik aurrera, gauzak beste modu batean egiteko eta ikasle gazteak aldaketearen eragile dinamiko eta aktibo bihurtzeko helburuagaz, unibersidade gipuzkoarreko arduradunek azaldu dabenez.

Mondragon Unibersidadeak (MU) Finlandiako hezkuntza-ereduan oinarritzen dan Lidergo Ekintzailea eta Barrikuntza gradu titulua emongo dau datorren ikasturtetik aurrera, gauzak beste modu batean egiteko eta ikasle gazteak aldaketearen eragile dinamiko eta aktibo bihurtzeko helburuagaz, unibersidade gipuzkoarreko arduradunek azaldu dabenez.

Titulu hori eskainiko dauen Euskal Herriko eta Espainiako lehenengo unibersidadea izango da MU. Europa osoan Finlandian baino ez dabe titulu hori eskaintzen.

Finlandiako metodologia hiru zutabetan oinarritzen da: taldean ikastea, taldean lideratzea eta taldean ekitea. Izan be, taldeak taldekideen baturak baino askoz gehiago emoten dauela dino metodologia horrek.

Gradu-tituluaren arduradunen esanetan, 'taldean lan egin gura daben pertsonentzat dago diseinatuta, metodologia barriak esperimentetako eta kultura barriak ezagutzeko interesa dabenentzat. XXI. mendeko enpresa-munduaren eskakizunei erantzuna emoteko pentsatuta dago'.

Titulua diseinau eta martxan jarteko, Mondragon Unibersidadeak Team Acadmy dalakoa izan dau laguntzaile. Finlandiako Jyväskylä Zientzia Aplikatuen arloko Unibersidadearen ekintzailetza-unidadea da hori, eta metodologia barritzaileak erabilten ditu ekintzailetzea sustatzeko, talde-lana eta ekintza bidezko ikasketea, kasurako. Team Academy-ren europar sarea hainbat herrialdetan dago eredu eta metodologia horreek zabaltzeko lanean.

Lidergo Ekintzaile eta Barrikuntza gradu tituluak bost zutabe nagusi izango ditu: Finlandiako hezkuntza-eredua; taldean ikastea; mundu errealagazko interakzinoa, benetako enpresak sortuz; nazinoarteko esperientzia eta, azkenik, proiektuagazko grina eta gogo bizia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu