Elhuyar Fundazinoaren Teknopolis telebista-saioak webgune barria estreinau dau

Bizkaie! 2008-12-17 17:13

Webgune barrian, 2007ko urritik aurrera emitidutako Teknopolisen programa guztiak topauko ditu erabiltzaileak, osorik edota erreportajeka. Informazinoa eskaintzeaz gan, osasunari buruz daukaguzan galderak bialtzeko aukerea emongo deusku webgune barriak, eta programan bertan horreei erantzuten saiatuko da Teknopoliseko lantaldea astero-astero.

Teknopolisek, Elhuyar Fundazinoak EITBrentzat egiten dauen zientziari eta teknologiari buruzko telebista-saioak, webgune barria estreinau dau: http://teknopolis.elhuyar.org. Webgune barrian, 2007ko urritik aurrera emitidutako Teknopolisen programa guztiak topauko ditu erabiltzaileak, osorik edota erreportajeka. Informazinoa eskaintzeaz gan, osasunari buruz daukaguzan galderak bialtzeko aukerea emongo deusku webgune barriak, eta programan bertan horreei erantzuten saiatuko da Teknopoliseko lantaldea astero-astero. Gainera, hurrengo asteko programearen aurrerapena be egongo da ikusgai webgunean. Astero, telebistan emondako saioaren edukiak jarriko dira webgunean. Edukiak euskeraz eta gaztelaniaz egongo dira.

Teknopolisen webguneak telebista-saioak berak dituan atalak ditu:

- Erreportajeak: zientzia eta teknologia-gaiei buruzko barriak erreportaje-formatuan (medikuntza, astronautika, biologia, injinerutza...).
- Alkarrizketak: Teknopoliseko platoan zenbait adituri egindako alkarrizketa laburrak.
- Bi hitzetan: zientziari eta teknologiari buruzko albisteak eta bitxikeriak formatu txikian.
- Mundu Ikusgarria: gure planetako txoko liluragarrienak, natureak sortutako altxorrak, fenomeno geologiko ikusgarriak eta urruneko paisajeak.
- Pilulak: 90 segundoko atal laburra, azkarra eta dinamikoa, oinarrizko zientziaren inguruko galde-erantzunak.
- Osasun-galderak: Maider Egüések ikusleek bialdutako galderei erantzuten deutse astero-astero.
- Monografikoak: programa osoa (30 minutu) gai nagusi eta bakar bati eskainia.

Holan, erabiltzaileak programak osorik ikusteko edo deskargetako aukerea izateaz gan, atal bakotxean emitiduten diran edukiak banaka ikusteko edo deskargetako aukerea izango dau. Era berean, edukien bilaketak gaika be egin ahal izango ditu.

Maider Egüések zuzentzen eta aurkezten dauen saioa ETBko hiru kateetan emitiduten da astero, ondoko egun eta orduetan: eguaztenetan, gaueko 21:30ean ETB3n; domekatan, goizeko 11:15ean ETB2n, eta arratsaldeko 20:00etan ETB1en. Lantaldea zientzialariz eta kazetariz osotuta dago; danetara zortzi lagun, asteroko programeari erantzuteko.

Teknopolis telebista-saioa ondoko erakundeek babesten dabe: Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailak, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Mondragon Unibersidadeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu