Nadia errumaniarraren amesak kontetan dituan antzezlanagaz jatorku aurtengo 'Gabonak' zikloa

Bizkaie! 2008-11-26 13:47   Kulturea

Haurrei eta familiei zuzendutako 'Metro bateko ametsak' antzezlana Euskalduna Jauregian izango da ikusgai urtarrilaren 2tik 5era. Danetara zazpi emonaldi izango dira eta 4.200 lagunek gozau ahal izango dabe ikuskizunaz.

'Gabonak' izenpean, Bizkaiko Foru Aldundiak bere Gabonetako ikuskizunen zikloa jarri dau martxan beste urte batez eta, aurten, Hortzmuga Teatroa konpainia izango dau bidaide ekimen horretan. Prentsaurrekoan Bizkaiko Foru Aldunduko Kultura diputadu Josune Ariztondo, Hortzmuga taldeko ordezkari Raul Cancelo eta antzezlanaren gidoilari Julen Gabiria izan dira.

Haurrei eta familiei zuzendutako 'Metro bateko ametsak' antzezlana Euskalduna Jauregian izango da ikusgai urtarrilaren 2tik 5era. Danetara zazpi emonaldi izango dira eta 4.200 lagunek gozau ahal izango dabe ikuskizunaz. Antzezlanaren argumentua Ariztondok aurreratu dau: 'Antzezlanean Nadiaren bizitza kontetan da. Nadia neskato errumaniarra da, etorkina, eta bere amesa Nadia Comaneci, nazionalidade bera dauen gimnasta ezagunaren antzekoa izatea da'. Gai horregaz, egun pil-pilean dagoan etorkinen inguruko egoerea jorratu gura izan da, Gabiria gidoilariak adierazo dauen moduan. Obrea idazle bizkaitarrak idatzitako 'Metro bateko letrak' liburuan oinarrituta dago: 'sorkuntza-lan batetatik beste sorkuntza-lan batzuk sortu dira eta hori magikoa da ze baleiteke bidea oraindino amaitu barik egotea', azaldu dau Gabiriak.

Taula ganean zuzeneko musikea izango da, Shanti Basauriren konposaketen eskutik. Musika horri esker, 'umeek obran parte har dagien bultzatu gura da'. Cancelo arduradunaren esanetan, 'aktoreen kalidadea, amesen giroa islatzen dauen eszenografia zaindua eta lanaren erritmoa dira gainontzeko osogaiak'.

Sarrerak zemendiaren 27tik aurrera erosi ahal izango dira, bost euroan, BBKren orotarako kutxazainetan, Euskalduna Jauregiko txarteldegian eta 944310310 telefonora deituta. Aurreko urteetako 'Gabonak' zikloetan legez, saioetara doazen umeek margozteko materiala daukan kutxa bat jasoko dabe opari legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu