Euskaltel konpainiak hamargarren urteurrena ospatu dau

Bizkaie! 2008-01-24 13:33

Orain dala hamarkada bat hasitako proiektua egia bihurtzen lanean jardun daben parte-hartzaileei (sasoi batekoei eta egungoei) aintzatespena adierazoteko, ekintza instituzional bat egingo dau Euskaltelek gaur, urtarrilak 24, Lezamako Azurmendi Jatetxean 13:30ean. Bertan izango da, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Hamar urte bete dira Euskaltel konpainiak 1998ko urtarrilaren 23an 050 zerbitzua jarri ebanetik, merkaduratzen eban lehenengo produktua. 1998an, merkaduaren % 20 lortzeko helburu 'utopikoa' eban Euskaltelek eta, honezkero, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkaduko kuoten % 26a lortu dau diru-sarrerei jagokenez.

Horrezaz ganera, Euskaltelen bezeroak dira EAEko etxebizitzen erdia eta enpresen heren bat. Banda zabaleko merkaduaren % 47,5eko kuotea dau operadoreak, hau da, banda zabaleko internetera sartzen diran EAEko biztanleen erdiak Euskaltelen bidez egiten dau.

Hamar urte pasau dira eta, denpora horretan, Telekomunikazioen Merkatuaren Batzordearen datuen arabera, telefonia finkoko merkaduan estaduko laugarren postuan egotea lortu dau diru-sarrerei jagokenez eta hirugarren postuan dago sare finko propioa daben bezeroei jagokenez.

Euskaltelek zerbitzua martxan jarri eban lehenengo egunean 20.000 dei egin ziran; eta, lehenengo hilean, 60.000 bezero zituan. 1998ko martian, 75.000 bezero zituan eta, urte bereko maiatzean merkaduko kuotearen % 11 lortu eban, 100.000 bezerogaz, zeharkako telefonia-zerbitzuaren bidez (050).

Euskal operadoreak 1.300 miloe euro baino gehiagoko inbersinoak egin ditu, batez be sare finkoa -Euskaltelen zuntz optikoaren sareak 255.000 kilometro ditu- eta telefonia mugikorraren sare barria zabaltzeko.

Igazko ekitaldia 33 miloe euroko emoitz garbiagaz zarratu eban, 336 miloe euro baino gehiagoko eragiketek sortutako diru-sarreren ondorioz; etenik bako hazkundeari eutsi eutson, merkadu-kuoteari zein bezero-kopuruari eta kontratautako zerbitzuei jagokenez.

Euskaltel merkaduan egoteari esker, lehia areagotu egin da eta, beraz, prezioek behera egin eta erabiltzaileek zerbitzu-eskaintza zabalagoa dabe. Holan, telefonia finkoko hileko kuotak batez besteko bilakaera hau izan du: 1998an 38,9 euro izatetik 2007an 18 euro izatera pasau da, hau da, orain dala hamar urte baino % 54 gitxiago kobretan da orain.

Orain dala hamarkada bat hasitako proiektua egia bihurtzen lanean jardun daben parte-hartzaileei (sasoi batekoei eta egungoei) aintzatespena adierazoteko, ekintza instituzional bat egingo dau Euskaltelek gaur, urtarrilak 24, Lezamako Azurmendi Jatetxean 13:30ean. Bertan izango da, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu