Getxo kultur eskaintzaz beteta jatorku apirilean
2007-03-30 02:00 KultureaAurtengo Liburu Azokan, apirilaren 20tik 23ra, hamaika liburu-dendek atarako dabez liburuak kalera eta, ohikoa danez, udal liburutegiek be parte hartuko dabe. Bestalde, musikeak, antzerkiak eta jantzeak be lekua izango dabe apirileko egitarauan.
Aurtengo Liburu Azokan hamaika liburu-dendek atarako dabez liburuak kalera eta, ohikoa danez, udal liburutegiek be parte hartuko dabe: karpa batean liburuak irakurri ahal izango dira eta, mailegu-zerbitzuari esker, bisitariek liburuak etxera eroateko aukerea izango dabe.
Aurtengo edizinoan, zirkua izango da azokearen ardatz nagusia. Hori dala eta, gai horri lotutako hainbat ekitaldi egingo dira: tailerrak, zirku-jolasak, kale ikuskizunak, kontulariak eta beste hainbeste. Ganera, jentaurreko ume irakurketea egingo dabe ikasle getxotarrek eta Getxoko Bildumako argazkiez osotutako erakusketea egongo da ikusgai.
Azokea Algortako Geltokia plazan egongo da, 11:00etatik 14:00etara goizez eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez.
Musikea
Musikarako be tartetxua izango da apirileko egitarauan. Getxoko Jazzaldiak Pio Lindegaard bere laguntzaile garrantzitsuenetako bat izan zana omenduko dau. Oraingoan, Stanley Clarke baxu-jole estadubatuar ospetsuak joko dau laukotea osotuta. Saioa Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan izango da, hilaren 28an, 20:00etan. Lehenengo, modu akustikoan joko dau kontrabaxua musikariak; gero, baxu elektrikoa izango da protagonistea. Sarrerak, honezkero, salgai dagoz, 12 euroan.
Bestalde, apirilaren 14an, 20an eta 21ean zazpigarren ‘Emakumeak Musikan’ jaialdia izango da, alkarte homonimoak Getxoko Kultur Etxearen laguntzinoagaz antolatuta. Zikloan hiru saio egongo dira: ahots eta piano errezitaldia, Alicia Molina García eta Mª Carmen Pérez Blancoren eskutik; Manuel Miján-ek eta Sebastián Mariné-k osotutako saxo eta piano bikotea; eta, azkenik Sara Olleros piano-jolearen errezitaldia. Kontzertu guztietan hainbat garaitako emakumezko musikagilek egindako konposizinoak eskainiko dira. Saioak 20:00etan hasiko dira (apirilaren 20koa 20:30etan hasiko da) eta sarrera dobakoa izango da.
Antzerkia eta jantzea
Apirilaren 21ean, Gaitzerdi antzerki taldeak bere azken lana aurkeztuko dau Getxo Antzokian, 20:00etatik aurrera: ‘Gabriel-Gabrielle’ izenburupean. Lan barroko, garratz eta kritiko honen protagonistea zirkurik bako eta nortasun biko pailazo bat da. Clown filosofia eta absurdoa buztartzen dira antzezlan honetan.
Hurrengo astean, apirilaren 29an, antzerkiaren lekukoa jantzeak hartuko dau, Nazinoarteko Jantza Egunagaz. ‘Danza Getxo’ kultura alkarteak antolatu dau Getxoko Kultur Etxearen laguntzinoagaz. Egun horretan, ekitaldi bi izango dira: 11:30ean, San Nikolas plazan, Getxoko jantza eskoletako irakaslek sortutako koreografiak antzeztuko dira; 19:00etan, jantzaldi bat egingo da Getxo Antzokian, euskal koreografo profesionalek sortutako lanak erakusteko.
Zinea
Aste Santuko oporraldian, txikienek zineaz gozau ahal izango dabe Getxoko Kultur Etxearen eskutik. Aurten Haur Zinema Jardunaldien 25. ekitaldia egingo da apirilaren 10etik 15era bitartean, Getxo Antzokian, eta honako filmak emongo dira: ‘Peligro: menores sueltos’, ‘Kubo magikoa’ (euskeraz), ‘Bajo cero’, ‘Asterix y los vikingos’, ‘Eragon’ eta ‘La edad de hielo 2’. Emonaldiak 12:00etan, 17,00etan eta 19,00etan izango dira, 11n eta 12an ezik: 11an lehenengo bi saioak baino ez dira egongo eta 12an azken saioa 19:30ean hasiko da.
Azkenik, honako ekitaldi honeek osotzen dabe apirileko egitaraua: Zine-Kluba, Cinema Paradiso eta Umeentzako Igandeko Zinea zikloak; Algortako eta Romoko erakusketak; eta Getxoko Antzerki Eskolaren eta Totum taldearen antzezkizunak. Getxoko Antzerki Eskolako ikasleek ‘Divinas palabras’ antzeztuko dabe apirilaren 1ean, Getxo Antzokian (19:00etan) eta Totumek ‘Locas’ bere azken lana eskainiko du 27an, Getxo Antzokian baita (19:30ean).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!