Euskal Herriko III. Graffiti Lehiaketaren finala Tolosan izango da irailaren 16an
2006-06-14 02:00Euskal Herriko III. Graffiti Lehiaketan parte hartu gura daben gazte euskaldunek abuztuaren 31ra arte bialdu leikiez euren zirriborroak. Lehiaketearen buruz burukora heltzen diran hamar taldeak irailaren 16an lehiatuko dira Tolosan, herriko hamar horma margotuz.
Topaguneak antolatutako Euskal Herriko III. Graffiti Lehiaketan parte hartu gura daben gazte euskaldunek abuztuaren 31ra arte bialdu leikiez euren zirriborroak. Lehiaketearen buruz burukora heltzen diran hamar taldeak irailaren 16an lehiatuko dira Tolosan, herriko hamar horma margotuz.
Euskeraren erabilerea areagotzeko lanean dabil Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoa, eta bere Gazte Sailak gazteen aisialdi eta kultur beharrei erantzuteko, asteburuetan.com gazte programea garatzen dau. Programa horren bitartez, Topaguneak euskerea erabiltera animau gura ditu gazteak, haien gustuko jarduerak euskaraz antolatuz, Topaguneko Haur eta Gazte Saileko arduradun Sonia Perezek nabarmendu dauenez.
Lehiaketaren aurkezpena egiteko prentsaurreko berezia antolatu eban Topaguneak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko atarian. Tolosako Kimi Martinez eta Xabi Tolosa gazteek graffiti bat egiten eben bitartean, Soniak lehiaketearen zehetasunen barri emon dau. Beragaz batera, Eusko Jaurlaritzearen Gazteria Zuzendaritzako arduradun Xabier Sanchez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Saileko zuzendari Jose Ignacio Insausti, Tolosako 750. Urteurrena Fundazinoko koordinatzailea Gurutze Zubeldia eta Gazte Kutxako arduradun Jose Manuel Goenaga izan ziran. Erakunde horreek guztiek, eta ordezkaririk bialtzerik izan ez eben Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek babesten dabe ekimena.
Antolatzaileek 'gazteak kultur produkzinoan parte hartzera animetako ekimenen garrantzia' azpimarratu dabe. Horretarako, oso garrantzitsua da gazteen gustukoak diran kultur adierazpide barriak euskeraz normaltasunez garatzea, eta esparru horreetan dabiltzan gazte euskaldunen ereduak aurkeztea, izan be, horretarako sortu zan orain hiru urte Euskal Herriko Graffiti Lehiaketea.
Sormena sustatzeko lehiakeetaren aurreko bi edizinoek arrakasta handia izan eben, eta hori dala eta, ekimenari aurten be jarraipena emotea erabagi da. Hirugarren edizino honen buruz burukoa Tolosan egingo da irailaren 16an, herriaren 750. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan.
Gorago esandako moduan, parte hartu nahi dabenek horman pintauko daben graffitiaren zirriborroa aurkeztu beharko dabe eta horretarako epea abuztuaren 31n amaituko da.
Aurkeztutako zirriborro guztien artean aditu talde batek hamar lan aukeratuko ditu, eta horreen egileek irailaren 16an pintauko dabez aurkeztutako zirriborroak, Tolosan. Hamar graffiti horreen artean, lau sari banatuko dira: 1.200 euroko hiru sari, (teknikearen erabilera egokiena, koloreen erabilera egokiena eta graffiti original eta freskoena), gehi 'Kalitatea' sari bat, Eusko Labeldun hainbat produktuz osotutakoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!