Metaforaz metafora itzulpenaren bila (V)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-12-27 13:46

Itzulpenaren izakereak, itzulpen-jarduerearen esanahi zehatz bakarrera ezin ailegeteak edo itzulpenaren ganeko eretxi askotarikoek eragin ei dabe itzulpena deskribiduteko hainbeste metaforatara jo beharra.

Ez baten ez bitan, lautan jaso doguz blog honetan lehenago bere itzulpenaren ganean berba egiteko han eta hemen topautako metaforak Metaforaz metafora itzulpenaren bila izenburupean (Hemen klik eginda topauko dozuez: bat, bi, hiru eta lau).

Amaibakoa da zerrendea eta hemen dakart bosgarrena bere, Anjel Lertxundiren Horma eleberritik, gagozan urte-sasoirako apropos-aproposa, ganera.

Fidel dauka izena Horma eleberriko pertsonaia nagusiak, itzultzailea bera. Bere lanbidearen inguruan zelan berak halan garaitikoek esaten eta pentsetan dituenak agiri-agirian ipinten ditu, eta eleberriaren 93. orrialdean dakarrenez:

Gabeziatik eta arriskutik sortzen da artea, itzultzaileok txondor baten aho-ahoan egiten dugu lan, ikatz bihurtzeko gorienean dauden enborren artera erortzeko arrisku bizian. Bertigoa ematen du estimutan duzun autore handi bat itzultzeak, baina, aldi berean, handia da zure hizkuntza zaharrean zerbait berria, inoiz esan ez dena, eskaini ahal izateko fortuna.

Halan da ze, ikazkina da itzultzailea, Olentzero bera, literaturea asagoko lurralde baten jaio dala eta barria emotera datorrena. Ikatza (edo testu bat) banatzen dau opari legez, sutan apurka-apurka eraldatuta (materia edo hizkuntza batetik bestera eraldatuta); eta guk, gure sukaldeari berotzen daen su-baztarrean, kantau baino ezin deutsagu egin: horra, horra!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu