Metaforaz metafora itzulpenaren bila (III)
2017-03-09 08:23Etxeko idazle batenetik dakarguz gaur itzulpena antzeratzeko metaforak eta itzulpenari buruzko gogoetak, hain zuzen bere, Harkaitz Canorenetik.
“Eztabaidak literaturarekin XXI. mendean” izeneko jendaurreko solasaldian batu ziran Harkaitz Cano eta Xabier Olarra itzulpengintzearen inguruan berbaz, Urtzi Urrutikoetxearen gidaritzapean, zezeilaren 24an. Bilboko Bidebarrieta liburutegiko areto ederrean ez zan jente asko batu publikoan, baina sareek eskainitako aukereari esker, berrehun ikustaldi inguru dituan bideoan berreskuratu leike orduan galdutako txanda bertaratu izan ezin ebanak. Ikusi hemen ekitaldia.
Aurreko asteetako blog-sarreren bideari jarraitzeko, Harkaitz Canok itzulpenaz esandako batzuk ekarri gura geunkez hona, metaforaz metafora itzulpena zer dan ulertu ahal izateko. Canok gogorarazoten deuskunez, itzultzea gauza bat leku batetik bestera eroatea da, mudantza bat. Mudantzetan, gauzak apurtu egiten dira, dana ez da osorik ailegetan etxe barrira. Izan bere, itzulpenean galerak izaten dirala nabarmentzen da sarritan.
Baina, era berean, mudantzarik barik ez dago etxe barrira ailegeterik, eta itzulpena eta faltsifikazinoa alkarregaz lotzen dirala eta, Canok gogoratu eban faltsifikazinoa dala orijinala ahalbidetzen dauena eta kopiarik barik ez dagoala jatorrizkorik. Hain zuzen bere, bere testuak beste hizkuntza batzuetara itzultzen dituazanean izendatzen da bere testu orijinala.
Liburu bat arretaz irakurtzeko modu onena ei da itzulpena Harkaitz Canorentzat, eta pentsau gura dau bere burua irakurtzeko modurik onena bere badala; izan bere, sarri tokau izan jako bere burua autoitzultzea. Edozelan bere, dino lehen baino itzultzaileago dala orain, ez deutsala lehen beste permititzen eta ahal dan neurrian denpora itzuli barik aldaketak egitea ekiditen dauela.
Canok dino itzultzaileek uranio aberastua egiten dabela, eta idazleek eurakandik edaten dituezela hainbat eta hainbat pista, soluzino… idazteko. Ganera, prozesu hori guztiori, irakurlearenera bere ailegetan da, medikuntza alternatiboko terapia bat legez: irakurleak homeopatikoki hartzen dau itzultzailearena idazlearen bidez.
Ekarri daigun Canoren beste esaldi bat akaburako, idazketea eta itzulpengintzea lotzeko: itzultzaile izan barik, ez dago idazle izaterik dino; izan bere, Canok itzultzaile bere izan daiten eskatuten deutso idazleari, ostera, ez da benetako idazlea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!