Metaforaz metafora itzulpenaren bila (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-02-28 12:13

Aurreko asteko zerrendea luzatu guran gatoz gaur, itzulpena eta itzultzaileak definiduteko erabili izan diran metaforak eta konparazinoak kolekzinora batu guran.

Itzulpena da zerua itsasoan islatzea.

Itzulpena performancea da, antzoki batean taulara igotea eta autorearen ahotsa topetan ahalegintzea; izan bere, bardin egiten dau aktoreak: jokatzen dauen pertsonaiaren ahotsa topeteko saiakerea egiten dau.

Maitalearen irudia sarri baino sarriago lotu izan da itzulpenagaz, eta hauxe esan dauenik bada: itzulpena senargaiak emaztegaiari musu emotea da, bien artean zapi bat dagoala.

Itzulpenak asko dauka erreprodukzinoak edo fotokopiak egitetik: itzultzailearen ardurea da kopiarik antzekoena lortzea.

Itzulpena mapa imaginarioa da, berez-berez sortzea ezinezkoa dan eskalan egindakoa, irudikatzen dauen lurraldearen tamaina berekoa, proiekzino utopikoa.

Itzulpena da adopzino bat, haur bat norberaren etxean hartzea, bere testuingurutik atera eta maitasuna eta arretea eskaintzea, norberak dakiana irakastea; eta, ostean, nahikoa heldu danean, nahikoa ikasi dauen esperantzea daukazunean, mundura plazaratu eta bidea egin daiala itxitea.

Itzultzailea bi mundutako mamua da, bi hizkuntzatan, bi kulturatan bizi dana, baina ez da ez batekoa, ez bestekoa. Itzultzaile-mamua egoteak berak erakusten dau hango eta bertoko mundua ez dagoazala guztiz bananduta, eta era batera existitzen dirala, leku berean, denbora berean.

Itzultzailea da autore baten Dr. Jekyll eta bere buruaren Mr. Hyde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu