Metaforaz metafora itzulpenaren bila (eta IV)
2017-03-20 12:49Euskal idazle batek itzulpenaz jarduteko darabilen metaforea dakargu: Atxagak itzulpena kristalezko zubi bat dala dino.
Aurreko postean legetxe, honakoan bere youtube sarearen bidez arrantzatutako hitzalditik dakargu euskal idazle batek itzulpenaz jarduteko darabilen metaforea. Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen dituan berbaldi-zikloetako solasaldietako bat izan zan Itzulpena kristalezko zubi bat da izenburuduna, orain dala hilabete ingurukoa.
Bada, berbaldiaren izenburua bera dogu zakurako metafora: itzulpena kristalezko zubi bat da: zubia da, hizkuntza biren arteko tartea pasetako ibilbidea dan aldetik, eta hauskorra da hizkuntza batetik besterako pasatze hori gatxa dan aldetik (hain zaila non ezinezkoa ere baden dino Atxagak). Zubi horrek ondo lan egiten badau, egoera zoragarria da; baina, gure kasuan kristalezko zubia berezia da, ia norabide bakarrekoa da, zirkulazino-molde bakarrekoa, ia zirkulazino guztia gaztelaniatik euskerarakoa da; horregaitik da hauskorra.
Gaztelaniatik euskerara egiten dogunak alde on bat dauka Atxagaren berbetan: errez egiten dogu itzulpen hori, gozoa da; gatxagoa ei da euskeratik gaztelaniara itzultzea Atxagaren ustez, ikaragarri zaila.
Euskeraz sortu eta gaztelaniara itzultzen diran testuak itzulpenen % 20 inguru baino ez dirala aintzatesten dau Atxagak, eta euskerearen mintz linguistikoaren % 80 itzulpena dala (hara hor beste metafora bat). Bada, hori halan izanda, hobeto litzateke itzuli behar ez izatea, alegia, hoba litzateke euskeraz sortzea (kontuan hartzekoa da, edozelan bere, Atxagak ez diharduela literatur itzulpenaz, egunero ekoizten doguzan errepikagarritasun handiko eta kokapen zentraleko testuez baizen).
Berbaldiaren sarrera-hitzak egiten dituan Pedro Alberdiren esanak be gogorarazo gura neukez; izan bere, itzulpenaren arazoa darabil behin eta barriz itzulpen fenomenoaz, itzulpenaren auziaz, itzulpen-praktikaz aritzeko… eta, gitxi-asko, itzulpenaren zailtasuna, edo itzulpenaren inguruan daukagun pertzepzinoa agiri-agirian ixten dau esamolde horrek bere.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!