Durangoko Azokearen osotasuna indartu eta berretsi egin da aurtongo edizinoan

Bizkaie! 2023-12-11 07:54   Kulturea

Bost egunetan Landako eta inguruetako guneak beteta egon dira.

58. Durangoko Azokea sano arrakastatsua izan da: jentetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza, parte-hartzailea. Fantasiazkoa, berba batean esanda. Bost egunetan Landako eta inguruetako guneak jentez beteta egon dira, eta nobedadeak ezagutzeko zein ekitaldietan parte hartzeko gogoa nabarmena izan da.

Aurreikusi bezela, azokea gaztea izan da, izan be, deialdiari erantzun ona emon deutsee kulturazale gazteek eta Durangoko Azokara batu dira. Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi doguz egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean. Azokako partaideek be nabarmendu dabe gazteek erakutsitako interesa. Gerediaga Alkarteak euskerearen eta euskal kulturearen transmisinoan ekarpena egingo dau aurrerantzean be eta aurtongo azokeak zeregin horretan jarraitzeko indarra ekarri dau.

Atontzaileak pozik dagoz igarritako emoitzakaz, baita asebeteta be, postua jartera etorri diran partaideen balantzea positiboa izan dalako. Salmentak onak izan dira. Ganera, kulturazaleek jakinmina erakutsi dabe; zenbait kasutan produktu zehatz baten bila joan dira, baina askok eskaintzearen artean arakatzeko be aprobetxau dabe. Holan, batez be nobedadeak erosi arren, argitaletxeen fondoetako aleak be eroan ditue etxera. Esanguratsua da, bestalde, interesa sortu daben gaien aniztasuna; adibidez, gizarte gaiak eta emozinoen lanketea jorratzen dituen liburuen bila etorri dira gazte asko. Musikearen arloan, talde ezagunek jente piloa erakarri dabe eta hasibarriek euren lana ezagutzera emoteko plaza bezela erabili dabe azokea. Musikazaleak han eta hemen ibili dira. Eraldatzen dabilen sektorea da musikearena eta zenbait kasutan biniloek CDek baino arrakasta gehiago izan dabe.

Azokan parte hartuz, azokearen parte sentidutea

Kulturazaleen partaidetza nabarmentzekoa da. Guneetan 265 ekitaldi izan dira eta gehienetan bete-beteta egon dira. Askotan, ilarak sortu dira, jentea aurkezpenetarako gogotsu egon dalako. Azokan parte hartuz, azokearen parte sentidu dira. Horrezaz gan, esanguratsua da webguneko erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua konsultau dauela; lehen lau egunetan 60.000 bisita izan ditu atari digitalak.

Zaleen gogoa eta jarrerea eskertu dau Gerediagak. Aparkalekuetatik Landakoraino martxan egon dan dobako autobus zerbitzua geroz eta gehiago erabilten da, eta aurten 5.000 bat lagun ibili dira.

Guneek izan daben harrerea:

  • Talaia: Aniztasuna izan da nabarmentzekoa. Gai ugari izan dira berbagai aurkeztutako argitalpenetan eta hausnarketarako idea mamitsuak be entzun dira, aurkezpen eta berbaldietan. Landakogunean zein Durangoko Museoan Talaiaren aterkipean egin diran ekitaldiek publiko aldetik erantzun ona izan dabe. Nabarmentzekoa izan da, aldez aurretik zer aurkezpen dagoan jakinda, plana eginda gerturatu dirala asko. Jokera hori azken urteetan gorantza doa.
  • Ahotsenea: Liburu aurkezpenetan, Karmele Jaio eta Jon Maia lako sortzaile esperientziadunen aurkezpenek jente ugari batu ditue, baina baita hasibarriek be, esaterako, Julen Apellarenek. Musika zuzenekoei jagokenez, goraino bete da askotan, esaterako, Toc, Nakar, Txopet, Leihotikan eta Ibil Bedi taldeakaz.
  • Irudienea: Espazio goxo eta hurrekoa izan da egun horreetan zehar zinema gunea eta horreetan sortzaileek bisitaria emozionetea, barrez lehertzea, entretenidutea edota kantuan jartea lortu daben. Zaleen edadeari jagokonez, anitza izan da Irudieneara hurreratu dan ikuslegoa, ume txikiak zein helduak. Film laburrak eta familientzako filmak izan dira arrakastatsuenak.
  • Kabia: Gizartean eta euskeraz eregiteko daben ahalmenagaitik, digitalizazinoaren teknologiek interes berezia piztu dabe aurton. Harrera ona izan dabe, esaterako, nerabeei lehen eskuko telefonoa emoteko gidearen aurkezpenak eta adimen artifizialari buruzko mahainguruak. Gamer Gelatik be herritar ugari pasa dira olgetako asmoz.
  • Saguganbara: Ikuskizun asko izan dira arrakastatsuak. Iñigito Txapelpunk eta iratxoen ikuskizunak, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Pantxo zezena, Ameli ipuin kontalaria, Potx eta Lotx pailazoak... Berezia izaten da Saguganbarak sortzen dauena ume eta familiakan; ilusinoa, giro ona, fantasia azken batean.
  • Szenatokia: Oso giro polita egon da eta ekitaldi askotan bete egin da aretoa. Aitagarria da aurkezpen zehatzen bila joan dala jentea, guneak erreferentzia hartu dauen seinale. Obrek erantzun bikaina izan dabe eta sortzaileak be gustora geratu dira. 

Beste behin be, Durangoko Azokea euskal kulturearen erakusleiho izugarria izan da. Ganera, sortzaileen eta zaleen arteko zubia eregitea ahalbidetzen dau, alde bientzako aberasgarria izanik.

Azokearen fantasiak Euskal Herriko liburu dendetan izango dau jarraipena Durangoko Azokearen olatu hori probestu eta kulturgintzea hauspotzeko asmoz, gaurtik aurrera Zu Non, Han DA! ekimena izango da Euskal Herriko 88 liburu dendatan (Gaur, hilak 11, Urduñan). Azokako nobedadeak ezagutarazotea da asmoa eta horrezaz gan, 27 aurkezpen be egingo dira, abenduaren 20ra bitartean.

59. Durangoko Azokea 2024ko abenduaren 5etik 8ra izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu