Jai herrikoien eta zerbitzu publikoen alde egin dabe Bilboko Konparsek

Bizkaie! 2020-08-14 13:18   Kulturea

Aste Nagusirik egon ez arren, alkarlanari, alkartasunari eta alaitasunari eutsiko deutsee.

Konparsetako kideak Arriaga plazan; euren aurrean, Aste Nahasian erabili behar eben materiala (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiagaitik aurten ezin izango da Aste Nagusia egin Bilbon, eta horren ordez Konparsek atondutako Aste Nahasia egitarau apalagoa be bertan behera itxi behar izan dabe asteon. Euren ikuspegiaren barri emoteko agerraldia antolatu dabe, eta konparsakide guztien izenean Haizea Arriolak eta iñigo Iglesiasek egin dabe berba.

Hasteko eta behin, egunotako erabagien arrazoi nagusia erantzunkizuna dala nabarmendu dabe: Gure konparsakide nagusiakandik ikasi genduan zer dan arduratsu izatea, 1983ko urioletan, beste auzokide guztiakaz, instituzinoakaz… palea eskuan, Zazpi Kaleak eta Bilboko beste leku batzuk auzolanean garbitzen ibili ziranean. Oraingoan be, Covid-19ari aurre egiteko, arduraz jokatu behar dala dinoe.

Brometako giroan, Aste Nahasiko jarduerak egiteko erabili behar zituen materialak erakutsi ditue. Ezin izango ditue erabili. Ganera, gogoratu eragin dabe, bagilean, San Juan suak eta Txosnaganeko igoerea birtualak izan zirala.

Baina osasun krisiagaz batera etorri dan krisi ekonomikoari aurre egiteko deia be egin dabe, batez be ez deien betikoek pagau. Sortzaile eta kulturgileei laguntzeko makina bat ekimenetan hartu dabe parte beste eragile askogaz batera. Izan be, jai herrikoiak, herri-kulturea eta zerbitzu publikoak babestu behar dirala aldarrikatu dabe Konparsek.

Egoera txar honi aurre egiteko erantzunkizuna, alaitasuna, alkartasuna eta alkarlana beharrezkoak dirala uste dabe. Ehundazak konparsakide irailetik beharrean ibili dirala dinoe, aurtengo Aste Nagusia antolatzen, eta pena handiz hartu dabela jaiak eta Aste Nahasi alternatiboa bertan behera ixteko erabagia. Baina azkenaldion Covid-19 kasuak nabarmen ugaritu diranez, jente piloketarik txikiena eragin leiken ezer ez antolatzea pentsau dabe.

Bilboko Udalaren jarrera bitxia be aitatu dabe konparsakideek agerraldian. Inposizinoa eta hipokrisia erabili dituala salatu dabe, alkarlana baztertuta. Aste Nagusia bertan behera ixteko erabagia Konparsei galdetu barik hartu bazan be, parterik txarrena auzoetako jaientzat izan dala dinoe, debeku guztien barri hedabideen bidez jakin dabelako antolatzaileek.

Kontuak kontu, orain aurrera begiratzeko momentua dala dinoe Konparsek. Euren jarduna hobetzen laguntzen deutsen gogoetea hasiko dabe laster, eta hurrengo ospakizunak be antolatzeari ekingo deutse. Dana dala, badakie San Tomas eguna eta Aratusteak, behinik behin, trabaz beteta etorriko dirala barriro, osasun egoereagaitik.

Jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babesteko, auzoetako jai-batzordeak eta Bilboko Konparsak indartsuak izatea komenidu dala esanaz biribildu dabe agerraldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu