I. Lurralde Bizia Argazki Lehiaketea antolatu dabe Bizkaian

Bizkaie! 2017-09-19 08:17   Kulturea

Uriburuaren inguruko eskualde urbanoa osotuten daben 35 udalerrietako paisajeak izango dira irudietako protagonistak.

Bilboko Itsasadarraren ikuspegia | Ikusi handiago | Argazki originala

Europako Ondarearen Jardunaldiak laster martxan jarriko diranez, ekimen barria aurkeztu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, I. Lurralde Bizia Argazki Lehiaketea. Herrialdeko argazkizale guztiei zabalik egongo dan sariketa horretan, aurtengo Ondarearen Jardunaldietako gai nagusiagaz bat datozan argazkiek parte hartu ahal izango dabe, hau da, era askotako paisajeak erakusten dituenak, izan be, Kultura-paisajeen eraikuntzea da 2017ko Ondarearen Jardunaldietako leloa. Natureak ez eze, gizakiak be ingurunean eragin sakona dauka eta, hortaz, alderdi soziologiko, kultural eta ekonomikotik eratu diran paisajeen inguruko gogoetea bultzatuko da. Lurralde Bizia argazki lehiaketan, hain zuzen be, Bilboren inguruko metropoliko paisajeei begira jarriko dira.

Bilbo Metropolitarraren Eskualde Egiturearen argazkiak aurkeztu beharko ditue parte-hartzaileek, gehienez bana. Uriburuaren inguruko eskualde urbanoa osotuten daben 35 udalerrietako paisajeak izango dira, beraz, irudietako protagonistak. Paisajeak gure historiaren aztarnea dira, egin dogunarena eta egin geinkenarena, adierazo dau Vicente Reyes Garraio, Mobikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputaduak. Bere sailak antolatu dau lehiaketea, Bilbo Metropolitarraren Zatiko Plana barrikusteko prozesuan dabizala aprobetxauta.

Lehiakide bakotxak argazki bat aurkeztu ahal izango dau, koloretan zein zuri-baltzean, eta ezinbestean horizontala edo laukiduna izan beharko dau, ez ditue onartuko formatu panoramikoa eta bertikala. Digitalean bialdu beharko dira. Urriaren 27ra arteko epea dago argazkiak aurkezteko.

Bizkaiko Foru Aldundiko zein argazkigintzearen alorreko hiru lagun egongo dira epaimahaian eta, besteak beste, argazkien kalidade artistikoa, teknikea, argia eta konposizinoa balorauko ditue. Sari nagusiaren irabazleari 600 euro emongo deutsiez eta 150na euroko beste hiru sari be banatuko dira. Argazkirik onena Bizkaibuseko autobus batzuen kanpoaldean ipiniko dabe.

Oinarriak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu