'Beldur Barik' programea martxan dago
2017-06-26 09:58 KultureaJaietan jazo daitekezan eraso sexistak saihestea da egitasmoaren helburua.
Udeagaz batera, Euskal Herriko txoko guztietan jaiak ospatzen dira. Giro horretan errespetua eta bardintasuna bultzatzeko eta eraso sexistei aurre egiteko asmoz, Emakunde Beldur Barik kanpainako materiala zabaltzen dabil. Bizkaiko Foru Aldundia be Arabakoagaz, Gipuzkoakoagaz eta EUDELegaz batera lanean dabil programan.
Jaietan eraso sexistak jazoteko arriskua herritar guztien ardurea dala dinoe erakundeek, eta eurena be badala autortu dabe, batez be udalena, hurrago dagozanak diralako. Horregaitik Beldur Barik programea erabiliz, jai-esparruetan, ganerako tokietan pasetan dan legez, begirunea, bardintasuna eta autonomia oinarrizko jokabideak izatea lortzeko materialak udalen esku ipini nahi izan ditue.
Udalei proponiduten jaken sensibilizazino-ekintza puntual hau pausu txiki bat dala dinoe antolatzaileek, baina leitekeana da berari esker Bildur Barik Gunearen esparruan esperientzia arrakastatsuak egin ahal izatea eta, gazteakaz lan eginez, jaietan eta astialdian jazoten diran sexu erasoen kontrako erantzunak, banakakoak zein kolektiboak antolatu eta aplikau ahal izatea. Izan be, udal batzuk urte osoan dabiz lanean. Igaz, guztira, 39 udalerri ibili ziran ekimenean.
Gizartean danok bardinak izatearen alde eta herritar guztion eskubideak errespetetearen alde lan egitea sustatzen dabe kanpainea bultzatzen daben erakundeek; jaietan be modu berean jokatu behar da. Ez alkohola, ez jai-giroa ez dira atxakiak emakumeen eta gizonen arteko harremanak, eta neska eta mutilen artekoak, bardintasunezkoak eta begirunezkoak ez izateko, ez eta emakumeak sexu-objektu modura erabilteko be. Ganera, emakumeak leku eta ordu jakin batzuetan bildurtuta ibili behar ez izatea be lehentasunetako bat da.
Beraz, erakundeek nahi dabe jaietan begirunea nagusi izatea eta erasorik ez egotea, eta are gehiago, erasoen aldeko jokabiderik be ez izatea. Errespetua, bardintasuna eta autonomia kontuan hartu eta modu aktiboan jo behar da emakumeei begirunerik ez deutsienen keinu fisikoen eta berbazko erasoen aurka.
Honeexek dira programan erabiliko diran materialak: batetik kartela eta, bestetik, jai guneetan, dendetan eta tabernetan banatzeko pegatinak. Hemen deskargau leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!