Gatzaren Matxinadea ezagutzeko bisita gidatuak Bilbon

Bizkaie! 2017-06-23 08:41   Kulturea

1631tik 1634ra bitarteko altxamenduaren historia azalduko dau Bilboko Udalak, garagarrilaren 1ean hasita.

Gatazkak eta gerra sasoietako aztarnak herritarrei erakusten dabil Udala aurten, Bilbao Izan bisitaldi gidatuen programazinoaren bidez. Aurreko aldi batzuetan 1936ko Gerra Zibiliaren inguruko txangoak antolatu eta gero, garagarrileko proposamenak antxinagoko denporetara eroango ditu parte-hartzaileak. Gatzaren Altxamendua 17. mendeko matxinada herrikoia izan zan eta Bilbon izan eban erdigunea. Jazoera hareetan esanguratsuak izan ziran lekuak bisitauko ditue, beraz.

Bilbao Izan programearen barruko bisitaldiok oinez egiten dira, azalpenak emoten dituan gida baten laguntzinoagaz. Doban parte hartu leiteke. Bilboren historia gizarteratzea eta uriko txokoak erakustea da asmoa, erdialdekoak zein auzoetakoak.

Garagarrileko bisitak ordu eta erdi ingurukoak izango dira eta hainbat egun egongo dira aukeran. Euskeraz, bariku arratsaldeetan izango dira eta, horrezaz gan, euskerazko azalpenak entzun nahi dituen taldeek beste ordutegi batzuk be adostu ahal izango ditue Udalagaz. Txanda bakotxean 30 lagunek parte hartu ahal izango dabe, gehienez be. Erreserbak bagilaren 26tik egin ahal izango dira, 94 401 00 10 telefono zenbakian.

Gatzaren prezioak gora egin eban 17. mendearen hasikeran, une baten % 44 karutu zan. Hori dala eta, Gobernuak erabagi eban gatz guztia bere ardurapean hartzea eta berau saltzeko baimena Errege Ogasunari bakarrik emotea. Ondorioz, 1631n, Gatzaren Altxamendua biztu zan. Bilboko Udalak azaldu dauenez, kontu ekonomikoek eragindako matxinadea izan zan, baina alderdi sozial eta politikoan be garrantzitsua izan zan.

1634ra arteko gatazka horretako pasarte asko Bilbon bertan jazo ziran. Bisita gidatuetan azalduko da Gatzaren Estankoa zer zan eta zergaitik zan horren garrantzitsua bilbotarrentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu