Errefuxiatuen argazkiz osoturiko erakusketea ipini dabe Bilbon

Bizkaie! 2017-06-22 10:45   Kulturea

Carlos Spottorno argazkilariak eta Guillermo Abril kazetariak Arrakala sortu dabe. Garagarrilaren 17ra arte egongo da ikusgai Abandoibarra pasealekuan.

Erakusketaren aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakusketeak Europako mugetan dagozan errefuxiatuei egindako irudiak batzen ditu 24 panelen bidez. Arrakalak izen bereko liburutik jasotako 25.000 argazki erakusten ditu.

Erakusketako inaugurazino ekitaldia egin eben atzo eta bertan Itziar Urtasun Bilboko zinegotzia, BBVA Fundazinoko ordezkari bat eta egile biak egon ziran. Udalak, irudi guztiokaz, bilbotarrei errealidade mingarri baten barri emon nahi deutso, Siriatik edota beste krisi batzuetatik igesi datozan errefuxiatuen egoerearena, hain zuzen.

Carlos Spottorno argazkilariak eta Guillermo Abril kazetariak World Press Photo saria irabazi eben. 2013an, El País Semanal aldizkariak erreportaje batzuk egiteko enkargua egin eutsen, Europar Batasuneko kanpoko mugetan. Lan honeek argitaratu ondoren eta BBVA Fundazinoaren Leonardo Bekaren laguntzinoagaz, egileek beste formatu bat emon eutsien batutako 25.000 argazki eta 15 koadernoei. Holan, nobela grafiko bat sortu eben: Arrakala. 2016ko abenduan argitaratu eban Astiberri argitaletxeak eta hainbat hizkuntzatara itzuli dabe jada.

Argazki erakusketa honen testuinguru historikoa, egileen arabera, honakoa da: hasiera baten, milaka errefuxiatu Egeo itsasoa zeharkatzen hasi ziran Turkiatik eta Balkanetatik Alemaniara heltzeko, Hungarian mugak  zarratzeko agindu zan arte. Horren ondorioz, ibilbidea aldatu eta Kroaziarako norabidea hartu eben errefuxiatuek. Schengen eremuko herrialdeak, orduan, Europar Batasuneko zirkulazino librea mugatzen hasi ziran. Europa ekialdeko mugatik egin behar dan ibilbidea 2.500 kilometro baino gehiagokoa da, Balkanetatik Artikora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu