Arte eta kultura zaleen komunidade handi bat sortu dau Guggenheimek

Bizkaie! 2017-06-21 11:02   Kulturea

Community programeak Bilboko museoaren publiko zabal eta anitza batzea dau helburu.

Guggenheimek orain dala 20 urtetik, ateak edegi zituanetik, Kide Korporatiboz eta Museoaren Lagunez osoturiko sare sendoa sortu dau eta kolektibo horreek Community erkidegoaren parte izatera pasauko dira orain. Bertan, funtsezko papela beteko dabe. Lanbakoei museora doban sartzeko aukerea emoten deutsan Erdu programako erabiltzaileak be komunidade horretan egongo dira, hirugarren talde bategaz batera: Jarraitzaileak, museoaren jardueren ganeko informazinoa eta pizgarriak jaso nahi dituen personek osotuten daben moltsoa.

Museoaren helburu nagusia publikoa erakusketetara hurreratzea izan da beti, baina orain, baliabide birtualek garrantzi berezia izango dabe Jarraitzaileen kolektibo barria fidelizetako. Egitasmoaren helburua publikoagaz harreman erraz eta egonkorra sendotzea da eta, horretarako, antolatzaileek eduki baliotsuak eskainiko ditue eta parte hartzea bultzatuko dabe.

Community-ren parte izan nahi dauenak webgunearen bidez edo museoan bertan bete beharko ditu datuak. Komunidadearen parte izatera pasetan diranak hainbat abantailez gozau ahal izango dabe: Museoaren arte eta hezkuntza programazinoaren ganeko informazinoa eskuratu, hurrengo erakusketen ikus-entzunezko edukiak ikusi, lehentasunezko txarteldegitik pasau eta promozinorako aukerak izan jardueretan eta dendako produktuetan. Egitasmo barri honetako kide guztiek, ganera, arreta personalizadua izango dabe.

Egitasmoa Guggenheimeko plan estrategikoaren barruan dago, izan be, museoa eraldaketa digital sakona jasaten dabil eta ezagutzea sortzeaz gan, berau konpartidu be egin nahi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu