Hainbait kulturaren topaleku izango da Elorrio garagarrilean

Bizkaie! 2017-06-21 08:43   Kulturea

Hilaren 7an abiatuko da Musikaire jaialdia. Aurten be musikeak eta arte eszenikoek beteko dabe egitaraua.

Urtez urte programazino oparoa eskaintzen jarraitzen dau Elorrioko Musikairek. Edizino honetan be, munduko musika ugariren kokaleku izaten segiduko dau, eta, horretarako, garagarrilean zehar erritmoz eta soinuz beteriko egitaraua egongo da.

Elorrioko alkate Idoia Buruagak adierazo dauenez, gizarte arloan, hezkuntzan edota urigintzan lan egiten dogun legez, kulturea be indartzen jarraitu behar dogu herrian. Musikaire Euskal Herriko mugetatik harago doan jaialdia da. Plazako edota Tolako zein Larizeko jesarlekuetatik munduko leku desbardinetara eroaten gaitue ikuskizun honeek, musikea eta antzerkiaz bestelako kulturak eta bizimoduak ezagutarazoz.

Garagarrilaren 7an hasiko da jaialdia, eta lehen egunetik gogor ekingo deutso, Izan be, Jamaikako The Skatalites talde entzutetsuak izango dau Musikaire edegiteko ardurea herriko plazan.

Hurrengo egunean, Shaun Booker emakume abeslari estadubatuarrak Mississippiko sustraiak ekarriko ditu eleizpera. Kantari afroamerikarraren ahots indartsu eta poteretsuaren soinua gospel-musikan eta bluesean sakon sustraituta dago.

Hileko bigarren asteburuan, herriko plazeak hartuko ditu ekimen nagusiak. Barikuan, 14an, Extremadurako Los Pelópidas antzerki obrea aurkeztuko dabe; ikuskizun hau Jorge Llópis egile alacantarraren lanik sinbolikoena da. Hurrengo egunean, hilaren 15ean, Mahotella Queens Hegoafrikako emakumeez osoturiko talde ospetsua izango da Elorrion; hirukote honek, bere kultur erroak ahaztu barik, musika lurralde ausarta eta ernagarria erakusten dau.

Asteburuari amaierea emoteko, domeka arrastian, jantza garaikidearen erakustaldia eskainiko dabe Kukai jantza taldeak, Amaia Elizaranek eta Ertza konpainiak.

Hirugarren asteburuan, Elorrioko plazatik Lariz jauregira egingo dabe salto programautako ikuskizunek. Hilaren 21ean, barikuan, Jorge Pardok igongo dau oholtzara; jazzaren eta flamenkoaren mundu mailako erreferentea da madrildarra. Zapatuan, Guineako Ba Cissoko musikariak kora musika tresnea joko dau. Oihartzun tradizionalak jazz, reggae, elektronika, blues eta rockagaz nahastauko ditu.

Domekan, Euskal Herriko hainbat antzerki taldek ikuskizun laburrak eskainiko ditue Casa Jara jauregian.

Musikaireren azken asteburua indartsu hasiko da garagarrilaren 28an, Ruper Ordorika izango da eta, Tola jauregiko lorategian; oñatiarra euskal musikari barritzaile eta nazinoartean ezagunenetarikoa da. Zapatuan, barriz, Cadizeko Antonio Lizanak  flamenkoaren eta jazzaren arteko bidaia proponiduko dau bere saxofoiagaz batera.

Jaialdiari amaierea emoteko, hilaren 30ean, Khami taldea igongo da Tola jauregiko oholtzara. Kultura nahasketen ardatz unibersalari jarraituz, berezko soinua eta mestizoa alkartzen ditu aldi berean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu