Sebas Gartzia Trujillok 'Hamaika euskal literato eta Jainkoa' liburua plazaratu dau

Bizkaie! 2017-06-20 13:38   Kulturea

Azken ehun urteotan euskal literaturan fedea zelan agertu dan aztertu dau euskaltzain urgazleak.

Sebas Gartzia Trujillo, Andres Urrutia eta Anjel Mari Unzueta Bilboko bikario nagusia, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Liburuaren aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez, euskal letretan asko idatzi da Jainkoaren eta Eleizearen ganean eta, horregaitik, Sebas Gartzia Trujilloren lanak hutsune bat beteko dau: Sinismenaz eta Jainkoaz idatzi dan hori guztia aztertzea faltau izan da orain arte. Azken ehun urteetako testuak ikertu ditu egileak, literaturea eta teologia buztartzen dituan saiakera honetan.

Sebas Gartzia Trujilloren esanetan, ohituta gagoz sinismenera bide bakarretik hurreratzen, baina, gaur egungo erlijinoaren krisia ulertzeko ikuspegia aldatu behar dalakoan dago, desorientauta gagoz, apaltasunez eta errespetuz jokatu behar geunke.

Ia 900 orriko azterlan mamintsu honetan, era askotako autoreen testuak jorratu ditu, batzuk fededunak eta beste batzuk ez; Orixe, Lizardi, Jon Mirande, Bitoriano Gandiaga, Txillardegi, Xabier Lete, Gabriel Aresti eta beste hainbat aukeratu ditu. Idazle bakotxak bere erara egin dau gogoetea Jainkoaren ganean. Jon Kortazar EHUko irakaslearen ustez, poesia modernoaren ikerlan sakona egin dau Gartzia Trujillok, transzendentea dan zera hori aztertzerakoan.

Kortazarren ustez, sinismenen aurrean zalantzan dagozanen ikuspuntuak joko gehiago emon deutso Gartzia Trujillori azterlana egiteko, esaterako Gabriel Arestirenak edo Xabier Leterenak. Beste egile batzuk ziurrago dagoz euren fedearen barruan, Orixe eta Agirre esaterako, eta horreek ez ei deutsie horrenbeste joko emon.

Sebas Gartzia Trujillo pozik dago Hamaika euskal literato eta Jainkoa liburuagaz eta berau egiteko prozesuagaz: Niretzat liburu hau grazia bat izan da, idatzi ahala nire sinismen esperientzia aberastu egin da. Hamar urte behar izan ditu idazteko.

Euskal Filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea da Sebas Gartzia Trujillo. Bilboko Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan dabil gaur egun. Liburua EHUk argitaratu dau, Jon Kortazarren ardurapeko Euskal Literatura bildumearen barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu