Frankismoaren estrategiak aztertu ditue

Bizkaie! 2017-06-20 09:19   Kulturea

Erik Zubiaga da La huella del terror franquista en Bizkaia lanaren egilea. Bertan errepresinoa sufridu eban jenteagan jarri dau arretea.

Erik Zubiaga (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

80 urte pasau dira gerraoste frankisteak Bilbo menderatu ebanetik. Sasoi haretan Bizkaian ez zan estadu kolperik izan Eusko Jaurlaritzearen egoitzea urian bertan egoalako. Orain EHUko doktore Erik Zubiagak errepresino mekanismorik handienaren funtzionamendua eta eragina aztertu nahi izan dau, jurisdikzino militarrarena, hain zuzen be.

Gerraoste hasierako politikea eta bizkaitarren jarrera sozial konplexua aztertu ditu egileak. Auzipetuen heriotzea eta espetxeratze zigorrak ezarritako epaiak be ikertu ditu, absolbiduak izan ziran kasuakaz batera. Guztira, 1937tik 1945. urtera 32.100 persona inguru epaitu zituen larrialdiko sumarisimo prozesuaren bitartez.

Hori aztertuta ondorioztatzen da Gerra Zibilean Errepublikearen gobernuaren alde egin eben alderdi politiko guztiak gogor zigortu zituela; sozialistak eta euskal abertzaleak batez be.

Ikerketearen bitartez, bestalde, agirian geratu da erregimen frankisteak, errepresino politikoagaz batera, beste politika batzuk jarri zituala martxan, egileak erakarpenekoak deitu dituanak, biztanleriaren zati handi baten adostasuna eratzera bideratuta. Estrategia bien konbinazinoak erregimena ezartzea eta errotzea eban helburu.

La huella del terror franquista en Bizkaia izenburuak adierazo nahi dau, egilearen eretxiz, gerraostean jurisdikzino militar frankisteak auzipetutako askok jasan eben errepresinoaren ankerkeria, bildur eta larriunea. Zubiagaren ustez, txosten juridiko militarrak irakurtean, igarri egiten dira auzi honeetan harrapatutakoek, baita horreen familiek be, jasan eben sufrimendua.

Azterketeak ganera, erreparatu egin deutso frankismo hasieran, gizarteak hartutako askotariko jarrerei. Jentearen pasibidadetik isilpeko arbuiora: alde gris zabal bat, Zubiagaren arabera, helburua biziraupen hutsa ebana, etenbako zigor mehatxu eta miseriaren aurrean.

Liburuak bestalde emakumeen egoeran jarri dau atentzinoa, izan be, frankismoak disidentzia politikoa erreprimiduteaz gan, hareen bizi ereduaren kontrako edozein jarrera errotik ezabatu eban. Abade disidenteen errepresinoari be egiten deutso erreferentzia lanak beste atal baten.

Erik Zubiaga Historian doktorea da EHUn. Gaur egun, Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuan Ikertzaile lanetan dabil. La huella del terror franquista en Bizkaia liburua doktorego tesi baten emoitzea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu