Alkartasuna, kulturea, enpresa-arrakastea eta sormen artistikoa protagonista Sabino Arana Sarien XXVI. aldian
2015-01-26 10:37 sariak-autortzakJoaquín Achúcarro pianistea, LINCE-La Industrial Cerrajera euskal enpresea, Arantzazu Ametzaga idazlea eta bibliotekaria, Euskadiko Odol Emoileen Alkartea eta Euskadiko Herri Kirol Federazinoa (Sokatirea) izan dira autortuak.
Euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen (1865eko urtarrilaren 26an) 150. urteurrenagaz batera, Sabino Arana Fundazinoak 2014ko Sabino Arana Sarien XXVI. aldia ospatu dau bart. Kultur jaialdiak asmo onen adierazpen erabateko bat ekarri dau, eta hareei gehitu jakez aurtengo sarituek ipinitako osogaiak, bakotxak berea, besteak beste, alkartasuna, kulturea, gizarte-erantzukizunari atxikitako enpresa-arrakastea eta Euskadiren proiekzinoa nazinoartean.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru izan dauen kultur jaialdian, Joaquín Achúcarro pianistea, LINCE-La Industrial Cerrajera euskal enpresea, Arantzazu Ametzaga idazlea eta bibliotekaria, Euskadiko Odol Emoileen Alkartea eta Euskadiko Herri Kirol Federazinoa (Sokatirea) izan dira autortuak.
Ekitaldia edegieran, Sabino Arana Fundazinoko buru Juan Mari Atutxak Sabino Aranaren jaiotzearen 150. urteurrena gogorarazo dau, baita gizon harek XIX. mendearen azken aldea eta XX. mendearen hasiera bitartean erein eban hazia be. Gaur, handik 150 urtera, bere fruituak emoten dago, nabarmendu dau. Ekin eta ekin, behin eta barriro esaten dogu: Euskadi nazinoa da. Nazino bat, anitza, edegia eta bat eginda nahi doguna; nazino bat, konprometidua, justua eta solidarioa; nazino bat, garatua, barritzailea eta sortzailea; nazino librea, bere burua gobernetan dauena, eta bakean. Holakoa da gura dogun Euskadi. Nazino bat, danon artean eregi doguna eta egunero eregiten jarraituko doguna, danon lanagaz, adierazo dau Atutxak.
Kontuak kontu, agertokira igon dauen lehenengo saritua Joaquín Achúcarro izan da, historiako euskal pianistarik nazinoartekoenetako eta ospetsuenetako bat.
Lince, La Industrial Cerrajeraren ordezkari lez, enpresako presidenteak, Santiago Ugaldeak holako ibilaldi bat egin dau Elorrioko enpresa horren 83 urteko historian zehar. Enpresa hori aitzindaria da sarrailagintzearen sektorean, eta produziduten dauen guztiaren % 30 Europara, Marokora, Egiptora, beste arabiar herrialde batzuetara eta Latinoamerikara bialtzen dau. Enpresearen ezaugarri nagusietako bat, inbersinoagaz batera, barrikuntzea eta produktu barriak garatzea dalarik, Espainiako merkatuaren beherakadearen eraginez, produktuak kanpora gehiago ataratea ekarri dau eta laster esportazinoak % 50 izatea espero dogu esan dau.
Ondoren Arantzazu Ametzaga idazlea eta bibliotekariak igon dau. Emakume hori berori da euskal erbestaldi politikoaren ikur; erbestaldian itsasoaz bestaldean abegi beroa egin eutson lurralde bat topau eban, eta, bere sustraiei leial, egun batean beteta ikusi eban bere amesa, itzultzea. Euskal diasporearen alabea naiz. Gerra-gatazken eraginez deserriratutako lau belaunaldiren ondorengoa naz. Erakutsi eustien, Euskadi zala, ideial bat ez eze, lan gogorra be bai. Baina norberarena izan arren, ezagutzen ez dan herri bategaz berralkartzea be lan nekeza da, ondorioa bikain gertatu bada be, azpimarratu dau.
Idazle joria eta Eusko Legebiltzarraren liburutegi bikaina sortzearen alma mater, Arantzazuren irudiko, liburutegi guztien ama altzau barria eban Venezuelan La Alianza para el Progresoren liburutegi pilotua, Latinoamerikaren kultur bizibarritzerako Kennedy presidenteak sustatutako programea. Kennedy presidenteak esan euskun, baldin balegoz poesiaz ulertzen eben politikoak eta politikaz ulertzen eben poetak, biziteko leku hobea izango litzatekeela mundua, gogoratu dau.
Arantzazuk eleberri historikoa eta biografia idatzi ditu. Saiatu naiz nire herriko jentearen ariman azterka egiten; haren historiaren funtsezko jazoeretan, euskaldun lez Amerikaz eta amerikar lez Euskadiz dodan ikuspegitik, adierazo dau. Arantzazuk, bere hitzaldia amaitzeko, gogoan izan ditu Jorge Oteiza, Manuel Irujo eta Daniel Irujo.
Sabin Urcelay Euskadiko eta Gipuzkoako Odol Emoileen Alkarteko presidenteak, Bizkaiko Odol Emoileen Alkarteko presidente Álvaro Larrea eta Arabakoa, José García Gallastegui, ondoan dituala, ondokoa azpimarratu dau: gaur egun 60.000tik gora persona dagoz aldizka odola emoten dabenak, horrek Erkidego hau lehenengo postuan ipinten dauelarik biztanleko odol-emote kopuruari jagokonez.
Euskadiko Odol Emoileen Alkarteko presidenteak odol-emoileei eskerrak emonez amaitu dau berbaldia: Sari hau, seguruenez, Sabino Arana Fundazinoak emondako guztietatik banatuena izango da; ehunka mila dira urteotan aldizka euren odoletik zati bat emotera etorri izan diran personak. Horreei guztiei, gure zorionik zintzoena bihotz-bihotzez eta gure esker onik sakonena.
Joan dan urtean Euskadiko Herri Kirol Federazinoak eskubide osoko kide lez sartu zan Nazinoarteko Sokatira Federazinoan (TWIF) eta, horrenbestez, Sokatirako euskal selekzinoak ofizialki parte hartzen dau nazinoarteko txapelketetan Basque Country izenagaz. Euskadiko Herri Kirol Federazinoko presidente Bernardo Ureta Peñak izerdi eta malko ugari isurtzen ikusi daben 40 urte horreek eta bidean geratu diran sokatira-talde ez gitxi hareek izan ditu berbagai: Horrexegaitik, gaur jasoten dogun sari hau eurena guztiena be bada, azpimarratu dau. Gure nahia ez da sekula izan ikurrina beste inoren gainetik egotea…, guk beti nahi izan doguna da, nazinoarteko txapelketetan gure ikurrina besteen alboan ikusi, sekula be ez inoren gainetik, baina ezta inoren azpitik be.
Beste euskal federazinoak bide horretatik joaten animau ostean, berbaldia amaitu dau esanez : liburu barri bat idazten hasi gara, liburu barri horren izenburua maiuskulaz dago idatzita, gure nortasunagaz, gure izerdiagaz, gure kultureagaz, gure ikurrinaren koloreakaz. Horra, Euskal Herriaren historia guztiko lehenengo euskal selekzinoa, horra, Basque Country Selekzinoa.
Euskadiko Herri Kirol Federazinoko presidenteari lagun egiten oholtzara igon dabe, era berean, ofizialki lehenengo bider lehiaketa ofizial batean Euskal Herria-Basque Country izenagaz parte hartu eben taldeen zenbait ordezkari, Sokatirako Bizkaiko Gaztedi eta Goiherri eta Gipuzkoako Mutriku taldeenak, eta parte hartze hori izan zan Wisconsinen, 2014ko abuztuan, bertan jokatu zan Lur gaineko Munduko Txapelketan. Besteak beste: Javier Urresti, Mikel Agirre, Patxi Ituarte, Eder Bergara, Uxue Ansorregi, José Antonio Goirigolzarri Litri, Batirtze Ispizua, Erika Julieth Rojas, Kepa Unibaso, Andoni Cabrejas, José Luis Orozko, Diego Ugarte, Ekaitz Azpitarte, Abel Onandi, Cristina Bollado eta Jone Zarraga.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!