Maribel Aiertzak irabazi dau Oihenart Aforismoen IV. Lehiaketea
2014-11-28 10:18 sariak-autortzakBerriatuko Maribel Aiertzak eta Juan Ramon Alberdik jaso ditue UPV/EHUko Oihenart Aforismoen IV. Lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzu buruak emon deutsez sariak.
Berriatuko Maribel Aiertzak eta Juan Ramon Alberdik jaso ditue UPV/EHUko Oihenart Aforismoen IV. Lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzu buruak emon deutsez sariak.
Saria jasokeran Maribel Aiertzak azaldu dau: Garrantzitsua da niretzat sari hau, aforismoakazko maitasuna barritzeko eta sendotzeko eta idazten jarraitzeko. Beti jarri izan dot atentzinoa laburrean emoten diran 'kolpeetan'. Aforismoak niretzat horixe dira: pentsamendutik pentsamendura jaurtitako geziak. Pentsamenduari txilinbuelta ikusgarriak eta gogoangarriak eragitean datza sekretua. Nire ustez, aforismoak bestearen pentsamenduan ziztatzeko gai izan behar dau; hausnarketarako gaia jarri edo jolaserako bidea emon behar dau. Ezer ez eta dana da aforismoa, berba lerro edo paragrafo bakarrean dana egon ahal baita: saiakera, poema, ipuin zein nobela baten hazia edo ernamuina. Hori guztia da aforismoa eta horreek idaztea zein irakurtea buruari egin geunskion gimnasia ariketarik atsegingarri eta osasungarriena.
Era berean, Juan Ramon Alberdik ondokoa adierazo dau: Aforismoei buruz zerbait esatekotan, nik esango neuke, aforismoak idazlearen hausnarketa, pentsamendu eta bizipenen karikatura moduko batzuk dirala: berba esanguratsuz osotutako lerro txikiak, gure unibersoa islatzeko. Eta, aldi berean, irakurleak, bere esperientzia eta pentsetako moduagaz esanahi desbardinak eransten deutsoz. Hor datza, nire eretxiz aforismoen handitasuna: karikatura kontzentratu horreetan, bakotxak bere pentsamenduaren imajina ikusten dauela.
Maribel Aiertza kolaboratzaile dabil ikas-liburugintzan, Giltza argitaletxean. Lehiaketara aurkeztu dauen lanak Dena eta ezer ez dau izena. Juan Ramon Alberdi, ostera, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean antropologiako masterra egiten dago. Lan sariduna Hausnarketen karikaturak dalarik.
Aurtengo edizinoan lehiaketara aurkeztu diran lanak ondokoek epaitu ditue: Cristina Lasa Otxotekok (Filosofiako irakaslea), Juan Kruz Igerabide Sarasolak (idazlea) eta Segundo Garin Casaresek (Hezkuntza Zientzietako irakaslea).
Lehiaketea UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak, Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuaren laguntzaz, abian jarri eban 2010ean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!