Bilboko Liburu Azokearen Zilarrezko Luma jasoko dau Anna Gavalda idazle frantziarrak

Bizkaie! 2014-06-06 11:14   sariak-autortzak

Saria jaso ondoren, Gavaldak bere azken lana aurkeztuko dau, Billie. Ekitaldiari amaierea emoteko, barriketalditxu bat egingo da (frantsesez, gaztelaniara itzulita) Idoia Jauregi kazetariagaz. Hitzordua 19:30ean izango da Bidebarrietan, eta edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte.

Bagilaren 6an, barikuan, liburu-saltzaileen gremioak eta Bilboko Liburu Azokeak Zilarrezko Luma emongo deutsie Anna Gavalda idazle frantziarrari Bidebarrietako Liburutegian, literaturan egin dauen ibilbideagaitik. Saria jaso ondoren, Gavaldak bere azken lana aurkeztuko dau, Billie. Ekitaldiari amaierea emoteko, barriketalditxu bat egingo da (frantsesez, gaztelaniara itzulita) Idoia Jauregi kazetariagaz. Hitzordua 19:30ean izango da, eta edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte.

Anna Gavalda, Frantziako gaur egungo nobelistarik ospetsuenetakoa da. Bere lanen hamar miloe ale baino gehiago saldu dira mundu osoan, hogei bat hizkuntzara itzulita. Kazetari hau Parisen jaio zan 1970ean, eta 1999an argitaratutako Je voudrais que quelqu’un m’attende quelque part ipuin-bildumeari esker, kritikarien eta irakurleen autortzea izan eban. Ordutik, Gavaldaren ibilbidea arrakastaz betea egon da. Bere lehenengo nobeleak, Je l’aimais izenburukoak, Grand Prix RTL-Lire saria irabazi eban 2000. urtean, eta bere ondorengo lanei esker —Ensemble, c'est tout, La Consolante edota La Vie en mieux, berbarako—, idazle frantziarrik irakurriena bihurtu da.

Billie da gaztelaniaz argitaratuta daukan azken lana —Frantzian beste eleberri bat argitaratua dauka—, eta lan honetan, egileak askoz be hizkuntza lagunartekoagoa erabilten dau bere jarraitzaileen harridurarako, bi gazte protagonisten ahotan. Franck eta Billie oso ingurune desbardinetatik datozen gazteak dira, baina ingurukoek entzuteko zailtasunak konpartiduten dituenak. Neskea aita alkoholizatuaren karabanan hazi da, amaorde gaitzesle baten ondoan, eta mutila familiarengandik baztertuta bizi da homosexuala izategaitik. Bien arteko laguntasunak beharrezko adoreaz horniduko ditu, drogak, prostituzinoa eta bakardadea tarteko dituan patu petralera kondenau behar zituan bizimodu gogorrari aurre egin ahal izateko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu