Euskaltzaindiak ohorezko 12 euskaltzain barri izentau ditu
2014-05-30 15:52 sariak-autortzakDonostian egindako osoko bilkuran aukeratu ditu Akademiak ohorezko euskaltzain barriak. Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu dira izendapena jaso dabenak.
Donostian egindako osoko bilkuran aukeratu ditue ohorezko euskaltzain barriak. Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu dira izendapena jaso dabenak.
Euskareari egindako mesede bikainakaitik izentatzen ditu Akademiak ohorezko euskaltzainak. Azkenengo izendapenak 2010ean egin ziran. Gaur egun, Euskaltzaindiak 39 ohorezko euskaltzain ditu.
Ohorezko barriak, banan-banan
- Paulo Agirrebaltzategi Kortabarria. Araotzen (Oñati - Gipuzkoa) jaioa, 1942an.
Abade frantziskotarra da. Romako Antonianum-ean Teologian doktorea da. Deustuko Teologia Fakultadean irakasle izan zan. 1971etik, Jakin aldizkariko kide, eta lau-bost urtean Jakin Taldearen arduradun izan zan.
UZEIren fundatzaileetako bat izan zan eta erakunde horretako lehenengo presidentea. 1990eko hamarkadan EUSENOR egitasmo entziklopedistea diseinatu eban. EKBko (Euskal Kulturaren Batzarrea) presidentea be izan zan. Lan handia egina dau hiztegigintzearen arloan, eta liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu hainbat kultur gairi buruzkoak.
Paul Tillich-en Fedearen Dinamika eta Ernest Cassirer-en Gizakiari buruzko entseiua lanak itzuli zituan. Bitoriano Gandiagaren argitaratu bako poemak batzen zituan Poema Argitaragabeak obra publiketako be lan egin eban, alkarlanean. Eujenio Agirretxe (1920-2005) eta Araozko kantuak eta kontuak Bitoriano Gandiagak araoztarren ahotatik batua lanak argitaratu ditu.
- Angel Aintziburu Kamino. Luzaiden (Nafarroa) jaioa, 1930ean.
Liburu biren egilea da, bata Luzaiden gaindi, Jean Baptiste Etxarrenegaz batera idatzia, eta bestea sorterriko kontakizunak batzen dituan Luzaiden gaindi 2. Batu dituan kontakizunak eta euskal kantak izaten ditu normalean berbagai kolaboretan dauen komunikabidetan, berbarako, Irulegi Irratian, Aezkoako Irati Irratian, Iruñerriko Euskalerria Irratian, Herria aldizkarian eta abar.
Bere kontakizunen artean aitatzekoak dira gerra zibilaren sasoian jazotakoak, batez be Iruñeko San Cristobal gotorlekuko igesaldikoak eta, horreen artean, Luzaidetik pasau ziran iheslari biri buruzkoak.
Gazte-gaztetik maite izan ditu euskal kantak eta gustuko izan dau horreek batzea, erakustea eta kantaldietan parte-hartzea. Herriko eskolan umeei erakusten ibili da.
- Dionisio Amundarain Sarasola. Itsasondon (Gipuzkoa) jaioa, 1930ean. Euskaltzain urgazle, 1996tik.
Teologia eta Filosofia ikasi eban, Erroman eta Parisen. 1974tik 1988ra Goierriko Euskal Eskolan zuzendari, helduen irakaskuntzan, alfabetetan eta euskalduntzen ibili zan. Maizpide Euskaltegiaren zuzendaria izan zan. HAEE-IVAP euskera-zerbitzuan beharn egin eban, harik eta 1995ean jubilau arte.
Idazle, zuzentzaile eta itzultzaile lez lan ugari egin ditu, gehienak erlijino gaietakoak. Berak zuzendutako itzultzaile talde batek egin eban Elizen arteko Biblia-ren itzulpena. 2001ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Abbadia Saria emon eutson, euskerearen normalizazinoaren alde egindako lanagaitik.
- Xabier Amuriza Sarrionandia. Etxanon (Zornotza - Bizkaia) jaioa, 1941ean. Euskaltzain urgazlea, 1967tik.
Bertsolari, kazetari, itzultzaile eta idazlea. Eleiz ikasketak egin zituan Zornotzan eta Derioko seminarioan. 1965ean abade egin ostean, Bizkaiko Gizaburuagan eta Amoroton egin eban lan. Gogor abade taldeko kide izan zan. Bilboko Eleizbarrutian itxialdia eta gose grebea egiteagaitik, 1969an atxilotu eta zazpi urtez egon zan preso Zamorako kartzelan. Ostean abade izateari itxi eutson.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia birritan (1980, 1982) irabazi eban. 1986ko Txapelketa Nagusian finalistea eta 1987ko Arabako-Bizkaiko Txapelketan txapeldunorde be izan zan.
Artikulu ugari argitaratu dau hainbat komunikabidetan: Punto y Hora de Euskal Herria, Egin, Euskadi Información, Gara. Lau urtez Anboto astekarian beharrean ibili ostean, 2006an jubilau egin zan. Nobelea, poesia, saiakerak edota bertsolaritzeari buruzko liburuak idatzi ditu. Azken argitalpenak: Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza, Zazpi ebidentzia birjaiotzarako eta 4x4 operazioa.
- Xipri Arbelbide Mendiburu. Heletan (Nafarroa Beherean) jaioa, 1934an. Euskaltzain urgazlea, 1987tik.
1961ean, Teologian lizentziau zan Lyonen. Boli Kostan 1964 eta 1975 artean ibili zan misiolari eta irakasle.
Uharte Garaziko eta Aiherra-Izturitzeko abadea izan da. Baionako Gure Irratia sortu eban taldeko kidea da, eta bertan lan egin eban. Herria astekarian hasi zan euskeraz idazten eta beste hainbat agerkaritan be argitaratu izan ditu bere artikuluak. Herriz Herri eta Fededuna-k aldizkarien sortzailea da.
F. Mauriac-en Terexa Desqueyruoy eta George C. Pipkin-en Pete Aguereberry lanak itzuli ditu, besteak beste. Sorkuntza lanetan, bestalde, Irri Solas, Lupua eta Mika, Iraultza Heletan eta Euskaldunak Aljerian lanak argitaratu ditu. Sari ugari jaso ditu: Xalbador Saria (1981, 1984, 1986); Irun Hiria (1982); Rikardo Arregi ohorezko saria (2001).
- Antonio Campos Illarramendi. Orion (Gipuzkoan) jaioa, 1942an.
Ikastola mobimenduaren erreferentzia garbia izan da. Gaztetxu zala, Donostiako seminarioan abade izateko ikasketak egin eta gero, Orioko Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean hasi zan lanean, eta bertan hartu eban erretiroa.
Berehala inplikau zan ikastolako zereginetan. 1980. urtean ikastolen lurralde erakundearen lehendakari izentau eben. Ikasmaterial euskaldunen edizinoan lan handia egin eban.
- Maite Idirin Solatxi. Ugaon (Bizkaia) jaioa, 1943an.
Soziologia ikasi eban, baina musikea izan da bere bizitzearen ardatza. 1968an hasi zan herriz herri kantari. Bittor Egurrolagaz, Beti Alai taldeagaz eta Zintzoak bikotearen laguntzaz, Herrikoi taldea sortu eban. 1968ko abenduan, Eibarko sariketako bakarlarien artean irabazle izan ziran Maite Idirin eta Estitxu. Sariaren publizidadeari esker Hego Euskal Herri osoan emonaldiak eskaintzen hasi zan Idirin.
1969an, orduko egoera politikoa zala-eta, Baionara alde egin eban, eta Parisera gero. 1973an Donibane Lohitzunera joan zan bizitera. Baionan Zabal liburu dendea edegi eban, eta emonaldi ugari eskaini zituan. Franco diktadorea hil zanean, Hegoaldean hasi zan abesten atzera be. 1979an, Baionako kantuzko urrezko dominea eskuratu eban. 1981ean, barriz, Bordelekoa. Honen ostean, musika klasikoari ekin eutson.
- Mixel Itzaina. Alduden (Nafarroa Beherea) jaioa, 1933an. Euskaltzain urgazle,1967tik.
Errola edo Baxenabartarra ezizenez be ezaguna, idazle eta bertsozalea da. Aljerian Eskual Herria bihilabetekaria argitaratzeaz arduratu zan, euskal soldaduen barriekaz. Ondoren Maulera joan zan, irakasle. Laster, Kanboko Udaleko idazkari izentau ben. Mixel Labeguerie Kanboko alkate zala, alkarregaz lan egin eben politikearen nahiz kulturearen arloan.
Mixel Labeguerie hil ostean (1980), Mixel Itzainak bete eban bere lekua Eskualzaleen Biltzarreko buruzagitzan. Euskal kulturaz sarri idatzi dau Herria edota Gure Herria aldizkarietan.
Bertso saio eta txapelketan, gai-jartzaile eta epaile lanetan ibili da luzaroan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile izan zan hainbat aldiz. Mixel Labeguerieren biografia idatzi eban, Bidegileak bilduman (1999).
- Jon Landaburu Illarramendi. Parisen (Frantzia) jaioa, 1943an.
Pariseko Sorbonne Unibertsitatean egin zituan Filosofia eta Hizkuntzalaritza ikasketak eta ondoren Kolonbiara joan zan kooperante. Kolonbian emondako urteetan bertako hizkuntzak sakonean ikertu ditu eta gaur egun gai honetan Kolonbiako aditu nagusienetakoa da. .
Bogotan, beste ardura askoren artean, Andeetako Unibersidadean Etnolinguistikako programa garrantzitsua zuzendu zuen (1984-1996) bertako hizkuntzalari askoren prestakuntzea bideratuz. EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako ohorezko kidea da. 2012an Linguapax saria eman zioten.
- Joan Martí i Castell. Tarragonan (Katalunia) jaioa, 1945ean.
Tarragonako Rovira i Virgili Unibersidadearen sortzailea, bertako lehen errektorea izan zan, eta Filologia Katalanaren saileko zuzendaria bere bai.
Institut d'Estudis Catalans-eko kide osoa da. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, katalan hizkuntzearen historia, gramatikea eta erabilereari buruz, eta baita artikulu ugari be.
- Martin Orbe Monasterio. Errigoitin (Bizkaia) jaioa, 1934an.
Hogei urtez izan zan Zeanuriko abadea. Bertako Lan Eskolako irakasle be izan zan. Gogor apaiz taldeko kide izan zan. Bilboko Eleizbarrutian itxialdia eta gose grebea egiteagaitik, 1969an atxilotu eta 1972ra arte egon zan preso Zamorako kartzelan. Zamorako kartzelatik urten ostean, Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, eta han hasi zan lanean sortu barria zan Udako Euskal Unibersidadean (UEU). Erakunde horretako zuzendaria izan zan.
- Manu Ruiz Urrestarazu. Donostian (Gipuzkoa) jaioa, 1941ean. Euskaltzain urgazlea, 1969tik.
Mendi injinerutzea ikasi eban. Bere tesiaren izenburua Especies Forestales Arbóreas en la Toponimia Vasca izan zan. Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen sailean lan egin eban.
Gai horren inguruko artikulu askoren egilea da, eta ondoko aldizkarietan sarritan argitara emon ditu: La Actualidad Forestal del País Vasco, La Actualidad Forestal de Galicia, Alava-Araba, Anaitasuna, El Campo, El Diario de Navarra, Zeruko Argia, Onoma eta Sustrai.
Euskaltzaindiko Arabako ordezkaria izan zan. Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!