Tanttaka Teatroak irabazi dau enpresa edo produkzino pribatu onenari Max Saria

Bizkaie! 2014-05-27 14:29   sariak-autortzak

Katalunyako beste bi produkzinogaz lehian zan baina, azkenean, enpresa edo produkzino pribatu onenari Max Saria Tanttaka Teatroak irabazi dau bart madrileko Circo Price antzokian egindako galan. Euskal taldea Soinujolearen semea eta Komunikazioa - Inkomunikazioa lanakaitik saritua izan da SGAE Fundazinoak antolatzen dituan 2014 Max Sarien batzordeak aditzera emon dauenez.

Katalunyako beste bi produkzinogaz lehian zan baina, azkenean, enpresa edo produkzino pribatu onenari Max Saria Tanttaka Teatroak irabazi dau bart madrileko Circo Price antzokian egindako galan. Euskal taldea Soinujolearen semea eta Komunikazioa - Inkomunikazioa lanakaitik saritua izan da SGAE Fundazinoak antolatzen dituan 2014 Max Sarien batzordeak aditzera emon dauenez. Gipuzkoarrak 1983tik dabilz lanean eta antzerkigintzearen aitzindarietakoak dira.

Soinujolearen Semea Bernardo Atxagak idatzitako liburua oinarri dauen moldaketea da, Patxo Telleriak egina. Fernardo Bernuesen zuzendaritzapean eta Iñaki Salvadorren akordeoiagaz, makinatxu bat aktore agertzen dira taulan, besteak beste, Mattin Apaolaza, Joseba Apaolaza, Iñaki Rikarte, Mikel Losada, Vito Rogado, Amancay Gaztañaga, Anke Beate, Asier Hernández edo David Padilla. Bigarren lan saritua, barriz, antzerkia baino jantza saioa da. Arriaga Antzokia, Kukai Dantza Taldea eta Tanttaka Teatroa bera dira produktoreak. Berez Mireia Gabilondo zuzendariaren eta Jon Maia koreografoaren idea da, Mikel Laboaren musikagintzea inspirazino eta iturri dituana. Jantzari protagonistak, kasu honetan be, ugari dira: Miren Gaztañaga, Aitor Beltrán, Eneko Gil, Helena Golab, Ibon Huarte, Alain May, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga, hain zuzen be.

Era berean, Juan Diego Botto aktoreak protagonismo osoa bereganatu eban TVEko 2. eta nazinoarteko kateek zuzenean eskainitako ospakizunean. Lau sagar irabazi zituan inmigrazinoaren fenomenoa jorratzen dauen Un trozo invisible de este mundo antzezlanak: antzezkizun onenari, aktore onenari, egile barri onenari eta argiztatze diseinuari sariak.

Lo real naziek desagerrarazo zituen ijitoen komunidadeen dramea kontetan dauen Israel Galvan jantzari eta koreografoaren lanak hiru sari jaso ditu: jantza ikuskizunik onenaren, gizonezko jantzari onenaren eta koreografia onenaren sariak. Bestalde, Eva Yerbabuenak emakumezko jantzari onenaren saria irabazi dau, ¡Ay! lanean egindako lanagaitik.

Ikuskizun barri onenaren Max saria The Funamviolistas taldearentzat izan da, eta zuzendari onenarena Carlos Alfarorentzat, El lindo don Diego antzezlanagaitik. Lan horretan, Maria Araujo jantzi-marrazkigileak egindako papela be saritu dabe.

Forests Shakespeareren idatzietan oinarritutako lanari sari bi emon deutsiez: Maika Makovskiren musikearentzat bata, eta Rebece Ringsten eszenografoarentzat bestea.

Lehian ziran 19 kategoriak ezeze beste hiru sari berezi banatu ziran: Ohorezkoa zezeilean hildako María de Ávila ballet jantzariarentzat; Arte Eszenikoen aldeko lanagaitik emondakoa Sevillako Central Antzokiarentzat; eta, Afizionatua ESCENAMATEUR taldearentzat.


Arte Eszenikoen lan kolektiboa, XVII. edizinoagaz bat

Araudi estreinau barriagaz, 9 kategoria saritu zituen XVII. edizio honek arte eszenikoen lan kolektiboaren babes benetan zabala izan dau. Finalisten artean be lehen mailako izenak agiri ziran, esaterako, Eva Yerbabuena, Sol Picó, Rocío Molina, Sergio Peris Mencheta, Tristán Ulloa, Carles Alfaro, Rodolf Sirera, Carolina África, Esteve Soler, Juli Disla, Jaume Pérez, Elisa Sanz, Kiti Mánver, Julieta Serrano, Pedro Casablanc edo Francesc Orella. Horreez gan, José Luis Alonso de Santos, eratu barria dan Espainiako Arte Eszenikoen Akademiaren egungo presidentea (AAEE) izan zan, baita Ramón Barea 2013 Antzerki Sari Nazionala, Fernando Cayo, Gemma Cuervo, Cayetana Guillén-Cuervo, Manuela Galiana, Ana Labodeta, Mónica Runde, Daniel Huarte, Ana Torrent, Gorka Otxoa, Fernando Tejero, Santiago Molero eta Marta Larralde be.

Azken hamasei urteotan Max Sarien ibilbidean izan diran aldaketei erantzutea derrigorrezkotzat jo izan dau antolakuntza taldeak, sarien egituran garapen bat aurreikusiz, egungo antzerkigintzearen errealidadeak eskatzen dauenari erantzuteko asmoz. Ondorioz, aurreko edizinoetako aukera eta arau sistema tradizionala barriztea erabagi da oraingoan. 2013ko zemendiaren 9tik dago indarrean aitatu araudi barria. Jon Brossa (1919-1999) gogoratuak diseinautako mozorrodun sagar ospetsuetako bat eroateko aukerak edo kategoriak arautzen ditu, besteak beste, araudi barriak. Indarrean sartzen dan lehen urtea da 2014. hau. Aukeratze sistema eta inskripzino zein ordezkatze epeak be arautu ditu. Araudi barriaren helburua da sari integratzaileak bilakatzea, hau da, hautagaien pisua eta parte-hartzaileen arteko bardintasuna aintzat hartzen dituen sariak bideratzea. Erispide horri helduz lan egingo dabe, aurrerantzean, SGAE Fundazinoaren arduradunek Max Sariei jagokenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu