Ramon Saizarbitoriak irabazi dau Euskadi Literatura Saria, 'Martutene' beharragaitik

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-10-29 14:43   sariak-autortzak

Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek jaso dabe itzulpen saria, Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak (Alberdania-Erein-Igela) euskeratzearren; Elena Odriozolak, ilustrazinoarena, Tropecista (Barbara Fiore) lanagaitik; eta Ramiro Pinillak, gaztelaniazko literaturearena, Aquella edad inolvidable (Tusquets) nobeleagaitik. Sari-emotea zemendiaren 19an izango da, Donostian.

Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek jaso dabe itzulpen saria, Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak (Alberdania-Erein-Igela) itzulpenagaitik; Elena Odriozolak, ilustrazinoarena, Tropecista (Barbara Fiore) lanagaitik; eta Ramiro Pinillak, gaztelaniazko literaturearena, Aquella edad inolvidable (Tusquets) nobeleagaitik. Sari-emotea zemendiaren 19an izango da, Donostian.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak jakinarazo ditu literatura, itzulpen eta ilustrazinoko Euskadi Sariak, Bilbon. Beragaz batera, sarituak eurak be ekitaldian izan dira. Sari inportanteak dirala nabarmendu dau, gure Sari Nazionalak dira. Idazleen lan neketsu eta isila ikusgai ipinteko egoki dira sariok, bere esanetan. Literaturearen tontor honeek danontzako dira garrantzitsuak, ganeratu dau.

Apal hartu dau saria Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) Euskadi Saria. Daborduko Martutene ahazteko gogoz dagoala autortu dau, baina promozinoa dala-eta, ezin dot ganetik kendu. Euskal irakurleak bereziak dira, konprometiduak dira oraindino, eta posible da niretzat 'Martutene' moduko lan bat idaztea. Liburuak idazten akaso denpora lar egoten dala uste dau, baina orduan egoten da gusturen. Berandu ailegau naz danetara, literatureak nire bizitzan daukan garrantziaz be berandu konturatu nintzan, adierazo dau. Beti idazten ei dau gauza bardinen ganean, gizakien arteko hartu-emonez, eta Euskal Herriaz. Ezin neike saihestu, nahiko neuke beste gauza batzutaz idaztea, baina ezinezkoa da.

Afektibotasuna, gizartea eta literaturea dira lan handi honen hiru ardatzak. Euskal gizartearen ispilu da, epaimahaiaren eretxiz. Aitatzekoak dira -esan dabe- trebetasuna zeharkako alkarrizketak adierazoteko, eta klase desbardintasunak zelan azaltzen diran hizkuntz hautuaren bidez. Itxaro Borda izan da epaimahaiburua, eta bere kide, Jon Kortazar, Lourdes Otaegi, Patziku Perurena eta Arantxa Urretabizkaia.

Alkarren ganean ipinitako papel ebagien teknikeari esker, argi-itzalak sortuz, osotu dau Elena Odriozolak (Donostia, 1967) Tropecista liburuko lana. Osotasun bakar moduan ulertzen dan lanaren adibidea dala adierazo dau epaimahaiak, kontakizun intimista eta personala. Epaimahaiko kideak izan dira Sara Morante (epaimahaiburu), Nuria Hernéndez, José Javier Quintana, Begoña Medel eta Iker Ayestaran.

Euskadi Sariak ikertzen segiduteko aukerea emoten deutsola adierazo dau Odriozolak, nik aukeratutako bidea jarraitu neike, momentuz, behintzat. Gaur egun holako lanak argitaratzea ez dala bape erraza azaldu dau, argitaletxe gitxik hartzen dabe arrisku hori.

Karlos del Olmo buru izan dauen epaimahaiak Iñaki Mendigurenek (Ezkio-Itsaso, 1954) eta Sarah Turtlek (Surrey, Ingalaterra, 1952) euskeratutako Tom Sawyer-en abenturak aukeratu dau. Kalidadezko itzulpen bat eginda, XIX. mendeko klasiko estadubatuar bat XXI. gaurko irakurle gazteek nahiz nagusiek gustura irakurteko moduan ekarri dabe, jatorrizko lanaren zailtasun guztien ganetik eta gaurko euskerearen legeen azpitik, azaldu dabe. Isabel Etxeberriak, Joxe Austin Arrietak, Bakartxo Arrizabalagak eta Xabier Mendigurenek osotu dabe epaimahaia.

Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtle andra-gizonek orain urte bi jaso eben Mark Twainen klasikoa euskeratzeko eskaerea, Ingalaterran oporretan egozala. Galtzagorri alkartearen deia jaso genduan. Liburua erosi genduan, eta eskerrak emazteak ez eustan esan orduan ze ingelesez gatxa zan, gogoratu dau Mendigurenek. Umeentzako abentura liburutzat hartu izan arren, helduentzako liburua be izan daitekela uste dabe. Ez da gaztetxuentzako liburua bakarrik -adierazo dau Turtlek- gauza batzuk helduek bakarrik ulertuko ditue eta.

Ramiro Pinillaren (Bilbo, 1923) Aquella edad inolvidable nobeleak osogai autobiografiko ugari ditu, egileak berak autortu dauenez. Neu naz liburuko protagonismoa bizi dauena. Futbol-jokalari benetan txarra izan nintzan, baina liburuan jolakari bihurtu naz, azaldu dau. Athletic taldeari deutson miresmena jaso dau eleberrian. Protagonistea umetan aitaren eskutik oratuta joaten zan San Mamesera. Neu be bai. Klubaren emozinoari zor deutsodan testamentua da, ganeratu dau.

Gaztaroa eta fideltasuna, arrakastea eta porrota ardatz dituan eleberri zoragarria da, Juan Carlos Marquezek, Beatriz Celayak, José Fernández de la Sotak, Javier Minak eta Isabel Muguruzak osotutako epaimahaiern eretxiz. Interes handiko elementu autobiografikoak ditu. Efektismoetara jo barik lortzen dau emozinoa, eta moralkeriarik bako lezino morala.

Aurreko astean jakinarazo ziran ganerako Euskadi sariak, hau da: Jon Sudupek saiakera saria, Oi Europa! beharragaitik; Xabier Olasok, Tximeletrak beharragaitik, gazte eta ume literaturearena; eta Iban Zalduak gaztelaniazko saiakerea, Ese idioma raro y poderoso lanagaz. Gaztelaniazko ume eta gazte literatura saria emon barik geratu da.

Saridunek 18.000 euro jasoko dabe, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu