Euskadi Sariak, Jon Sudupe saiakeran eta Xabier Olaso ume eta gazte literaturan
2013-10-22 15:41 sariak-autortzakEuskerazko eta gaztelaniazko saiakera eta ume eta gazte literatutako Euskadi Sarien barri emon dau Eusko Jaurlaritzeak. Jon Sudupek Oi Europa! lanagaitik irabazi dau saiakera saria, eta Xabier Olasok, Tximeletrak beharragaitik, gazte eta ume literaturarena.
Euskerazko eta gaztelaniazko saiakera eta ume eta gazte literatutako Euskadi Sarien barri emon dau Eusko Jaurlaritzeak. Jon Sudupek Oi Europa! lanagaitik irabazi dau saiakera saria, eta Xabier Olasok, Tximeletrak beharragaitik, gazte eta ume literaturarena.
Gaztelaniazko saiakeran Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso izan da onena. Gaztelaniazko ume eta gazte literatura saria emon barik geratu da. Hirurek 18.000 euroko saria jasoko dabe, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak ezagutarazo ditu 2013ko Euskadi Literatura saridunen izenak Donostian, saridunak be bertan egozan.
Patxi Zubizarretak (epaimahaiburua), Mikel Aierbek, Rosario Alzak, Elisabet Masek eta Itziar Zubizarretak osotutako epaimahaiak erabagi dau Xabier Olasoren Tximeletrak liburua saritzea. Olasoren umeentzako poema liburua euskal tradizinoaren ezagutza sakonetik abiatu, eta barrikuntza poetiko jostaria erabili dauala nabarmendu dau epaimahaiak. Euskerazko ume hizkuntzearen baliabideak oso modu egokian buztartzen dira poemotan, eta egileak naturalidade osoz erabilten ditu hitz joko horreek, eta erritmo parebako batez eta musikaltasun handiz eskaintzen ditu entzuleen belarrietara.
Xabier Olaso Bengoa (Otxandio, 1964) irakaslea da lanbidez. Pupuan Trapua (2004) liburuagaz, Ume eta Gazte Literaturako Euskadi saria lortu eban 2005ean.
Saiakerako epaimahakide Ainhoa Larrañagak (epaimahaiburua), Xabier Aierdik, Juan Garziak, Maria Jesus Pachok eta Simon Peñak emon deutsie saria Jon Suduperen Oi Europa!. Gaiaren interesa, garapen luze koherentea, ikerketa eta dokumentazino lan handia azpimarratu dau epaimahaiak; ondo hausnartu eta landua da, dibulgazino zabalerako egoki moldatutakoa.
Jon Sudupe (Azkoitia, 1947) lanbidez idazle eta irakaslea da. 1983an kaleratu eban lehen saiakera liburua, Karl Marx, Teoria eta Politika. Mikel Zarate Saiakera Saria irabazi eban liburu horrek. 2003an, Kant eta uso arina lanagaz Miguel de Unamuno Saria irabazi eban, eta 2007an barriro jaso eban sari bera Hizkuntza ados jartzeko da liburuagaitik.
Daniel Innerarityk (epaimahaiburua), Beñat Arginzonizek, Juan Manuel Diazek, Ana Iriartek eta Santos Zunzuneguik osatutako epaimahaiak Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso lanari emon deutso Gaztelaniazko Saiakera saria. Saiakereak azken hamarkadetako euskal literatureari dau berbagai, distantzia ironiko neurtuagaz aztertzen dau. Lan personala da, proposatzen dituan ideien inguruan eztabaidarako gonbidapena egiten dau.
Iban Zaldua (Donostia, 1966) Historia irakaslea da EHUn. Lan ugari argitaratu ditu, besteak beste, Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Traizioak (2001), La isla de los antropólogos y otros relatos (2002), Itzalak (2004) eta Azken garaipena (2011).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!