Berria, Euskalerria Irratia, Alex Gurrutxaga, Ainara Argoitia eta Lander Arbelaitz XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza saridunak
2013-07-01 11:22 sariak-autortzakSari honen helburua euskerazko kazetaritzan kalidadea, bikaintasuna eta etenbako barrikuntzea sustatzea izan da, 1989. urtetik gaurdaino, eta erispide horreek hartu ditu kontuan aurtengo epaimahaiak be 2012ko maiatzetik 2013korako tartean kazetariek euskeraz egin dituen lanak aztertzeko.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 25 urte bete ditu 2013an, eta gogo onez hartu dogu ospakizun hau. Batetik, hogeita bost urteotan aukerea izan dogulako euskeraz egindako kazetaritza lan bikainak saritzeko; bestetik, urtez urte holako lanak ugariagoak diralako, eta epaimahaien lana gatxagoa; azkenik, zenbait kazetari gazteren ibilbide oparoaren lekuko izan garelako. Sari honen helburua euskerazko kazetaritzan kalidadea, bikaintasuna eta etenbako barrikuntzea sustatzea izan da, 1989. urtetik gaurdaino, eta erispide horreek hartu ditu kontuan aurtengo epaimahaiak be 2012ko maiatzetik 2013korako tartean kazetariek euskeraz egin dituen lanak aztertzeko.
XXV Rikardo Arregi Kazetaritza Saria epaitzeko helburuagaz Andoaingo Udalak izentautako epaimahaia honako honeek osotu dabe: Mahaiburua: Ainara Rodríguez, Andoaingo alkateorde eta Euskarako zinegotzia; mahaikideak: Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Joxe Rojas, eta Beatriz Zabalondo; eta idazkaria: Arantza Aguado.
Epaimahaiak ondorengo azken erabagia hartu dau aho batez:
1.- Ohorezko Aitamena. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXV. urteurrenean, Sariaren Epaimahaiak beren urteurrenetan dagozan bi hedabideri nahi deutse ohorezko aitamena egin: Euskalerria Irratiak mende laurenez dihardu Iruñerriko uhinak euskeraz horniduten. Jakin badakigu zeinen baldintza gogorretan egin daben aurrera lankideok, eta oztopo eta eragozpen guztiei aurre eginik irrati duin eta eredugarria eskaini dabe sortu zanetik. Programazino zabala ez eze, kalidade handikoa eskaintzen dau, tokiko irratia eta hurrekoa izanagaitik, ikuspegi zabalekoa, bertan goxo egotetik urruti dabilena, bizia, askotarikoa eta ausarta. Gainera, garaian garaiko euskarrietara egokitzeko ahalegina egin dabe: uhinetan ez eze, Internet bidez be zabaltzen dabe euren lana, eta horri esker Nafarroatik kanpoko euskaldun askok jarraitzen dabe/dogu Iruñerriko jazoeren barri.
Epaimahai honen iritziz, Euskalerria Irratiko 25 urteko ahalegina aitagarria izateaz gan, euskal hedabideen sisteman egin dauen ekarpena be goraipatzekoa da guztiz.
Egunkaria proiektutik jaiotako Berria egitasmoak be, 10 urte bete barri ditu. Sariaren XV. Edizinoan Euskaldunon Egunkariak ohorezko aitamena jaso eban, historian zehar euskera hutsean kaleratu ziran egunkariakaz batera, Eguna eta Egunerogaz batera, eta oraingoan Epaimahaiak ohorezko aitamen hori bera Berria egunkariari egitea erabagi dau. Aitamen honen arrazoi nagusiak honako honeek izan dira: batetik, egunez egun euskerearen normalizazinoan egiten dauen ahalegin sendoa, euskaldunon babes eta onarpenagaz. Eta bestetik, euskal kazetaritzearen erreferenteak saritzea bada kontua, ezin erreferenteagorik topau, Epaimahaiaren ustez.
2.- Epaimahaiaren Aipamen Berezia. Informazinoa emoteko eginkizunagaz konpromiso sendoa erakutsi dau, bere burua arriskuan jarteraino. 2013ko apirilean Donostiako AskeGunetik kazetari gazte honek euskal gizarteari informazinoa helarazoteko egindako lan zehatz eta zuzena goraipatu nahi dau Epaimahaiak: bertatik bertara kontauta, minutuz minutuko jarraipena eginda, eta hainbat euskarri erabiliz heldu zalako irakurle eta ikus-entzuleakana; eta informazinoa batu eta zabaltzeko abagune estu-latzetan egin be.
Agintari, instituzino eta era guztietako eragileen prentsa bulegoen informazino uriolearen menpe kazetarien jarduna hain otzanduta agiri dan garaiotan, erredakzinoetako epelean goxo, informazinoa bere lekukotasunetik, ikuspegi propioagaz -kritiko eta zorrotz- lantzeko ahaleginari eutsi deutso, agintarien kontrolsaioari aurre eginez. Eta lanbideak behinola izan eban egiteko ohoragarria inoiz baino beharrezkoagoa dala gogorarazo deusku. Horregaitik danagaitik, Epaimahaia Aitamen berezia egin deutso Lander Arbelaitz kazetariari Donostiako AskeGunearen inguruan egindako lana eta erakutsitako jarrereagaitik.
3.- Epaimahaiaren Sari Berezia. Euskal Hedabideen Esparruan, tokiko hedabideek bete daben eta oraindino beteten daben funtzinoaren eredu ezin hobea dira kazetari honek Barren aldizkarian argitaratutako lanak: erakusten deuskue profesional bikainak dagozala eta lan eder askoak produziduten dituela, nahiz eta, beharbada, oihartzun apala izan. Lanok Debabarreneko ikuspegitik idatziak izan dira, eta bertako irakurleei zuzenduak, baina eskualdeko eremutik harago doazen gaiak nahiz lanketa eta dokumentazino zorrotzaren eredu dira, batez be, Txillarre eta 36ko gerra elgoibartarren ahotan piezetan.
Elgoibarko belaunaldien arteko transmisioan egindako ekarpena ezin da aitatu barik itxi; izan be, herriko eta eskualdeko nagusiek 36ko gerrea zelan bizi izan eben eskueran jarri deutse belaunaldi gazteei, zaharren ahotik egindako kontakizunagaz. Euskal Herrian bizi dugun memoriaren berreskuratze eta bakeranzko garaiotan, gogoangarria da era berean bere ahalegina, gai korapilatsuok lantzeko hartu dauen tonu serio eta estridentziarik bakoagaitik; beti be azpimarratuz jazoera historikoen atzean personak dagozala.
Azkenik, kazetariaren idazkeraren dotorezia eta adierazkortasuna beazpimarragarriak dirala eretxi deutso Epaimahaiak.
- Sariduna: Ainara Argoitia
- Saritutako lana: Barren aldizkarian argitaratutako Txillar, Otegi, 36ko gerra
elgoibartarren ahotan, eta Asisko Urmeneta.
-Saria: 4.000 euro eta diplomea.
4. -Kazetari Barria Saria. Urte osoko lan sorta sendoa eta anitza aurkeztu deutse epaimahaikideei, ondo idatzia:argi eta zehatz. Egiazko testu analisiak eginez, idazleen obrak ezagutzen dituala frogatu dau. Bistan da jakintza handia dauela, baina ez deutso irakurleari jaulkitzen, errespetua erakusten dau kritikagaiagazko zein irakurleagazko. Testuinguruak, aitamenak, konparazinoak oso ondo azaltzen ditu, bere burua irakurlearen gainetik jarri barik. Nobelagile zein olerkarienganako erakusten dauen enpatia azpimarratzekoa da. Letra ederrak eta idazleak zinez gustukoak dituala sentiarazoten deutso irakurleari. Gainera, literatur genero danak aztertzen ditu, jatorrizkoa nahiz itzulpena izan. Azkenez, bere kritikak zinez arrazoitzen ditu. Eretxi mailan dabilela argi ixten dau beti: merituak nahiz demerituak jarten ditu mahai gainean, beti be argi itxita esaten dauena ez dala egia borobil eta bakarra.
- Sariduna: Alex Gurrutxaga.
- Saritutako lana: 2012ko urritik 2013ko apirilera bitartean Berrian argitaraturiko literatur kritikak.
- Saria: 3.000 euro, diplomea eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.
5.- Sari Nagusia. Joko Olinpiarretako proben emoitzak argitaratzetik harago joan dira kazetariok, kirol sailetako orrietan ikustera ohituta gagozan barriak baino askoz gehiago eskainiz: eguneko jardueren testuinguru soziala eta ikuspegi zabala emon dabelako: gizarte-plataformak, zenbait kirolariren herrialdeko egoerea, etab. Alde horretatik, kazetarion eta hedabidearen ausardia eta ikuspuntu barritzailea saritu nahi dira. Alderik nabarmenena errealidade ezkutuak azalera ekarteko saioan egon da. Batetik, Euskal Herrian ardaztuta landu dira Olinpiar Jokoak, informazinoa lortzeko eta lantzeko horrek daukazan zailtasunakaz. Esaterako, Hego zein Ipar Euskal Herriko kirolarien jarraipen orekatua egin da. Bestetik, normalean hain ezkutuan geratzen diran emakume kirolariak, eta, oro har, emakumezkoen kirola, danon begi bistara jarteko ahalegina egin dabe, azken finean, kirolaren ikuspegi askoz be zabalago eta osoagoa eskainiz. Ganera, kirol nagusiez gain ohikoetan itzalean geratzen diran beste kirol jarduera batzuen barri emon dabe.
Formeari erreparauta, papereko produktuak eskaini dituan idazkera eta diseinu zaindua be saritzekoak dira. Gainera, Olinpiar Jokoek iraun eben bitartean jarraipen berezia egin eben sarean okasinorako egokitutako diseinu eta tresnakaz, eta Londresen pasetan zana etenbarik konsultetako modua eskaini eben. Ikus-entzunezko euskarrietan agertzeko be egin eben ahalegina eguneroko zuzenekoaren bidez, eta hori be kontuan hartu da.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 25. urtemuga honetan, kirol saileko lanaren merituen ezagutzea, pasa dan mende laurenean euskal kazetaritzeak ezaguturiko eboluzinoaren adierazgarri da. Hau da, arazo guzien gainetik, aurrera egin dauela, indarrez eta talentuz eremu guztiak jaubetuz. Heldutasunaren seinale.
- Sariduna: Berria egunkariko kirol saila eta Interneteko edizinoko arduradunak.
- Saritutako lana: 2012ko Olinpiar Jokoei egindako jarraipena.
Saria: 9.000 euro, diplomea eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!