Robert Crumb sarituko dau Bilboko Barrea jaialdiak

Bizkaie! 2013-03-20 17:27   sariak-autortzak

Robert Crumb komikigile estadubatuarra izango da, urriaren 1etik 6ra bitartean Underground umorea lemapean egingo dan Bilboko Barrea izeneko jaialdiaren laugarren edizinoko konbidatu nagusia. Robert Crumbek 2013ko BBK Bilboko Barrea Saria jasoko dau umorezko sorkuntza artistikoaren arloan egindako karrera bikainagaitik.

Robert Crumb komikigile estadubatuarra izango da, urriaren 1etik 6ra bitartean Underground umorea lemapean egingo dan Bilboko Barrea Umoredun Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Astea izeneko jaialdiaren laugarren edizinoko konbidatu nagusia. Robert Crumbek 2013ko BBK Bilboko Barrea Saria jasoko dau umorezko sorkuntza artistikoaren arloan egindako karrera bikainagaitik. Crumb bere emazte Aline Kominsky komikigileagaz batera etorriko da Bilbora. Aurreko saridunak Tom Sharpe, Francisco Ibáñez eta Ismaíl Kadaré izan dira.

Robert Crumb (Filadelfia, 1943) dogu underground komikigintzako egilerik garrantzitsuena eta joan dan mendeko 60ko hamarkadatik gaurdaino munduko kulturan gehien eragin daben artistetako bat. Fritz the Cat, Mister Natural, Flakey Foont, Snoid edota Angelfood McSpade izeneko bere personaiek eta Mis problemas con las mujeres edo Si yo fuera rey izenburuko komiki-sailek, Espainian Ediciones La Cúpula argitaletxeak kaleratu dauen komikigile honen obra grafiko zabalaren ezinbesteko osogai bilakatu dira. Orain arte egin dauen azken lan handia Génesis izeneko nobela grafikoa izan da.

Bere istorioak marrazteaz gan, Crumb irudigile eta musikazale amorratua da. Charles Bukowskiren liburuetarako, Kafka para principiantes libururako eta antxinako bildumetarako eta disko konpaktuetarako irudiak egin ditu. Oso ezaguna izan zan, 1968an Janis Joplinen Cheap Thrills diskorako egin eban azala. Urte batzuk geroago, etenbarik jentaurrean agertzeaz nekatuta, uko egin eutson Rolling Stonesen disko baterako azala egiteari. Saturday Night Live izeneko AEBetako telebista saio ospetsuan konbidatu lez agertzeko eskaintzea be baztertu egin eban.

Musikeagazko zaletasuna ez da mugatzen 78 erreboluzinoko diskoak parra-parra pilatzera (sei mila inguru ditu). Horrezaz gan, banjoa joten dau Cheap Suit Serenaders musika tradizionaleko taldean, bere lagun Terry Zwigoffegaz. Zwigoffek David Lynchek produzidutako dokumental bat zuzendu eban 1994an Crumben lana eta bizitzari buruz, eta denporearen poderioz, film hau ezinbesteko erreferentzia bilakatu da artista honen nortasun konplexua ulertu ahal izateko.

1972an, Ralph Bakshik Fritz katuari buruzko marrazki bizidunetako film luzea zuzendu eban. Film arrakastatsua izan arren eta X kategorian sailkatu baeben be (pornografikotzat jo dan marrazki bizidunetako lehenengo filma izan da), Crumb ez zan sekula ados egon bere personaiari egindako zinema-moldaketeagaz.

1991tik hona, Crumb mundutik at bizi da bere borondatez Frantziako hegoekialdeko herrixka batean. Espainian ez dau ezelako kultur ekitalditan parte hartu 80ko hamarkadearen hasieratik.

1999an, Crumbek Angoulèmeko Komiki-Jaialdiaren Sari Nagusia jaso eban, bere lan eta karrera osoaren autorpentzat, eta horren ondorioz, hurrengo urtean jaialdiko presidente bihurtu eta Nor da Robert Crumben beldur? izenburuko erakusketea antolatu eutsien. Erakusketa honek sekulako matrakea sortu eban jaialdiaren kartel ofiziala egiteko aukeratu zan irudiagaitik.

2012an, Pariseko Arte Modernoaren Museoak atzerabegirako zabala eskaini eutson Crumben obrari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu