Ibone Belaustegigoitiak jasoko dau euskal emakumeen olinpismoari emondako 2012 Sabino Arana Saria
2013-01-25 14:23 sariak-autortzakXXIV. Sabino Arana Sariek euskal emakumeen olinpismoaz gan, beste zenbait persona eta erakunderen ibilbidea eta merituak autortuko ditue: Bart De Wever politikari flandestarra, Mari Puri Herrero bilbotar margolari eta grabatzailea, Gorabide adimen-urritasuna daben personen aldeko Bizkaiko alkartea, Euskal Herriko Txistulari Alkartea eta Idom enpresea.
Olinpiar Jokoetan parte hartu dauen lehenengo euskal emakumeak jasoko dau euskal emakumeen olinpismoari emondako 2012 Sabino Arana Saria. Ibone Belaustegigoitia, Olinpiar Jokoetan (Londres, 1948) parte hartu dauen lehenengo emakumea, Euskadin da egunotan, eta datorren domekan, urtarrilaren 27an, 2012ko Sabino Arana Sarietako bat jasoko dau, euskal emakumeen olinpismoari emondakoa, eta hareen guztien ordezkari lez. Ekitaldia Arriaga antzokian egingo da, eguerdiko 12:00etan hasita.
Londreseko 1948ko Olinpiar Jokoetatik eta 2012ko Londreskoetara bitartean 60 izan dira euskal emakume olinpikoak, lurralde eta diziplina guztietakoak eta euskal emakume kirolarien burruka, kemen eta konpromisoaren ikur izan dira. Sabino Arana Fundazinoak goretsi nahi ditu euskal emakume kirolari olinpikoek historian zehar izan dituen parte-hartzea, ahalegina eta errendimendua.
Gainera, euskal emakume olinpikoak bereziki nabarmendu dira Londres 2012 jokoetan, izan be, euskal emakumeek ekarri ditue domina guztiak, sei: brontzezko bi, banakako probetan (piraguismoa eta burruka), eta beste lau brontzezko, emakumeen eskubaloian. Euskal kirolaren bikaintasuna funtsean emakumeen eskutik etorri da. Azpimarratzekoa da, gainera, azken hamarkadetan Olinpiar Jokoetan gero eta euskal emakume gehiago egoteak, gainera, beste gauza esanguratsu bat adierazoten dauela, hau da, euskal gizartean eta kirolean gero eta bardintasun handigoa dagoala.
Ibone Belaustegigoitia Arocena Mexikon bizi da 1933tik; bera izan zan aitzindaria, Londreseko 1948ko Olinpiar Jokoetan parte hartu ebalarik Mexikoren banderapean. Gaur egun, 80 urteak gaindituta, astean bost egunez entrenetan segiduten du; hain zuzen be, azken urteotan hainbat aldiz parte hartu dau Europako Masters Jokoetan, Real Club Jolasetagaz eta Bilbao Sport Clubakaz, eta urrezko zenbait domina irabazi be bai bere espezialidadean, ohol-jauzian, hain zuzen.
Gaur egun Ibone, kirolari aktiboa izateaz gan, tranpolin-saltuen nazinoarteko epailea be bada.
Ibone Belaustegigoitia XX. mendearen lehenengo hereneko bilbotar familia nabarmen batekoa, Belaustegigoitia Landaluzetarrenekoa, da. Sendi haretako bost nebak Athleticen jokatu eben. Ezagunena, Jose Maria, birritan izan zan olinpikoa, Anberes 1920an eta Paris 1924an, eta bietan zilarrezko domina bana lortu.
Patxo zan neba-arrebetan gazteena, eta Iboneren aita, eta 30eko hamarkadearen hasieran Mexikora heldu baitzan emazte Elvira Arozenagaz eta seme-alabakaz.
Han, Mexikon, sendi ugari haretako senide guztiek –zortzi neba-arreba– egiten eben kirola, aitaren aginduetara, eta Ibone ugerlekuan hasi zan nabarmentzen.
Londresen, 1948ko Olinpiar Jokoetan, 18 urte zituala, Ibonek traumatismo bat izan eban eta ezbehar horrek lehiaketa olinpikorako gaitasuna murriztu eutson. Ordutik, urte gitxi egin zituan lehia-kirolean, amerikar ingurunean batez be. Lehia-kirola egiteari itxi eta denporagarrenean, 50 urte zituala, barriro itzuli zan. Gaur egun, 83 urtegaz, kirola egiten jarraitzen dau.
Ibone Belaustegigoitiaz gan, beste zenbait emakume olinpikok baieztatu dabe Sabino Arana Fundazinoaren kultur jaialdian egongo dirana, honako honeek: Amaia Andrés (Atletismoa, Bartzelona-92), Igone Arribas (Gimnasia, Sidney-2000), Ainhoa Artolazabal (Txirrindularitza, Bartzelona-92), Miriam Bravo (Atletismoa, Sydney-2000), Cristina Castro (Atletismoa, Bartzelona- 92), Maialen Chorraut (Piraguismoa, Beijing-2008 eta Londres-2012), Patricia Elorza (Esku Baloia, Londres-2012) Erdoitza Goikoetxea (Hockey, Sidney-2000 eta Atenas-2004), Rita María Oraá (Boleibola, Bartzelona-1992), Eli Pinedo (Eskubaloia, Londres-2012), Zuriñe Rodríguez (Triatloia, Londres 2012, Joane Somarriba (Txirrindularitza, Atlanta-1996, Sidney-2000 eta Atenas-2004), Maider Unda (Borroka, Beijing-2008 eta Londres-2012), Rocio Ybarra (Hockeya, Atenas-2004 eta Beijing-2008) eta Maite Zuñiga (Atletismoa, Seul-1988, Bartzelona-1992 eta Atlanta-1996).
XXIV. Sabino Arana Sariek euskal emakumeen olinpismoaz gan, beste zenbait persona eta erakunderen ibilbidea eta merituak autortuko ditue: Bart De Wever politikari flandestarra, Mari Puri Herrero bilbotar margolari eta grabatzailea, Gorabide adimen-urritasuna daben personen aldeko Bizkaiko alkartea, Euskal Herriko Txistulari Alkartea eta Idom enpresea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!