Josu Martinezek irabazi dau Tene Mujika Saria 'Presoaren betebeharra' izeneko proiektuagaz

Bizkaie! 2013-01-23 14:40   sariak-autortzak

Josu Martinez zinemagile, idazle eta musikari bilbotarrak irabazi dau aurtengo Tene Saria, Presoaren betebeharra izeneko proiektuagaz; euskal presoek azken 50 urteetan kartzelatik egindako igesak edo igesaldi-saiakerak kontauko dira lan horretan.

Josu Martinez zinemagile, idazle eta musikari bilbotarrak irabazi dau aurtengo Tene Saria, Presoaren betebeharra izeneko proiektuagaz; euskal presoek azken 50 urteetan kartzelatik egindako igesak edo igesaldi-saiakerak kontauko dira lan horretan. Papillon eleberri autobiografiko ospetsuan Henri Charierek botatako esaldi batetik dator izenburua: Preso ororen lehen betebeharra iges egitea da.

Martinezek umetan irakurritako liburu horregazko lilurea adierazoten dau, eta ez abentura zirraragarria bakarrik miresten ebana: baita injustiziaren salaketea, ausardia, inkonformismoa, biziteko pasinoa... Presoak bere kemen eta irudimen guztia erabili behar dau holako saiakera batean, eta, egileak dinoanez, horrek benetako arte-lan bihurtzen ditu hainbat igesaldi, danongan sinpatia bat-batekoa sortzen dauena gainera: abenturazko ekintzagaitik, batetik, eta, bestetik, boterearen eskumakila itsusiena diran kartzeleroak barregarri ixten ditualako eta ekintzarik gatxena be posible dala erakusten deuskulako, ames egiten jarraitzeko bidea emoten deuskulako, hain zuzen.

Gure hurreko historian izan diran igesaldietako batzuek daben indarra ikusita, zelan ez dan horreen barri hobeto jaso harritu izan da Martinez; horregaitik erabagi dau hamar igesaldi kontetea: batzuk ondo amaitu ziranak, beste batzuk ez; batzuk ezagunak, beste batzuk nahikoa ezezagunak. Erreportaje literarioaren teknikak erabiliz, historia bakotxa bertan protagonista izan ziranetako baten ahotik kontauta: batzuetan igeslaria, besteetan kanpoko laguntzailea, edo biktima subertau dan funtzionarioa. Egileak ohartarazoten dauenez, garai politiko barriak errazago egiten dau gauza honeetaz askatasunez berba egitea; posible ez eze, baita komenigarriabe. Urtebete dauka Martinezek lana amaitzeko, eta ondo bidean, 2014ko udabarrian kaleratuko da.


Hamar istorio

- IK-ko Maddi Hegi eta Gabi Mouescaren igesa, Paueko espetxetik.

- Joxemari Sagardui Gatzak Granadan egindako igesaldi saiakerea: txarto urten, eta horren ondorioz luzatu eutsien zigorra, Europan giltzapean denpora gehien emon eban presoa bihurtzeraino.

- Joxeantonio eta Ismael Berasategi anaiek egindako balentria: bata La Santen egoala, bestea bisitan joan eta beren tokiak trukatu zituen.

- Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Martutenetik Imanolen bafleetan ezkutauta alde egin ebenekoa.

- Helikoptero bidezko igesaldi-saiakera batzuk, danak huts eginak.

- Iñaki Etxarteren hiru igesak: kartzelatik behin, Cabo Verdeko deportazinotik Kubara beste behin, eta Kubatik balsero moduan azkenik.

- Kartzelara baino lehen, atxiloturik egozaneko komisaldegitik edo ospitaletik egindako igesak.

- Basauriko igesa, preso politikoak eta sozialak alkartu zituana.

- Segoviako iges ospetsua, euskaldunakaz batera iges egin eban katalan baten ikuspuntutik kontauta.

- Eta azkenik, Eugen Beihl alemaniar konsula, ETAko kideek bahiturik euki ebena Burgosko prozesua nazinoartean salatzeko, eta iges egiten saiatu zana.


Sariaren historia

Gure hurreko historiaren ganean biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak... bultzatzeko sortu eben Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez. Hauxe izan da sariaren orain arteko ibilbidea:

- I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zan irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi eban Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zana).

- II. urtean hutsik geratu zan saria epaimahaiaren erabagiz.

- III.a, Alberto Barandiaranek eskuratu eban 2007an, eta 2009an kaleratu zan haren emoitzea: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukerea emonez).

- IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria izan zan irabazle, eta hari esker argitaratu zan Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako alkarrizketa eta negoziazinoen historia).

- V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zan, eta igaz kaleratu zan haren liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagilegaz egindako alkarrizketa-liburua.

- VI. deialdian bikoiztu egin zan saria. Mikel Markez eta Pako Aristik alkarlanean aurkezturiko proiektua izan zan saridunetako bat: Plazer bat izan duk, Benito, Benito Lertxundi kantariagaz urteetan egindako barriketaldietan oinarrituta. Ainara Gorostitzuren Aldamenekoa izan zan beste irabazlea, immigrazinoaren errealidadea etorkinen euren ikuspegitik kontetan deuskuna.

- VII. urtean, Xabier Gantzarain arte-aditu eta idazleari egokitu jakon saria, euskal arte garaikideko hainbat lan eta artista bestelako modu batez aztertzeko, gizarteko mobimentu, gatazka eta sinboloakaz daukien loturearen ikuspegitik hain zuzen. Momentu honetan bere azterketea lantzen dabil eta 2013ko udagoienean ikusiko dau argia.


Egilearen barri

Josu Martinez (Bilbo, 1986) Ikus-entzunezko komunikazino eta Antropologia ikasketak egina da, eta momentu honetan, Euskal? Zinema? Nazionala? izeneko doktore tesia egiten dago. 2006tik 2012ra asteroko kolaborazino bat egin eban Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioan eta lan horregaitik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Berezia jaso eban 2008an. Horrezaz gan, hainbat kolaborazino egin ditu prentsa idatzian, eta 2009-2012 bitartean Bertsolari aldizkariaren zuzendaria izan da.

Zinemaren arloan, Euskal Herriko hurreko historian kokatutako hiru dokumental egin ditu orain arte: Itsasoaren alaba (2009), Sagarren Denbora (2010) eta Prohibido Recordar (2010). Hirurak, Donostiako zinemaldian estreinau ziran. Bere azken lana Barrura Begiratzeko Leihoak (2012) dokumental kolektiboa izan da; euskal presoei buruzkoa. Bertan, film laburretako bat eta proiektu osoaren koordinaketea egin ditu.

Bestalde, 2011n Hitzezko txalupak liburua argitaratu eban, Alfonso Etxegarai deportatuagaz izandako gutun trukean oinarritua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu