Euskerazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatu ditue

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-01-17 14:25   sariak-autortzak

Euskaltzaindiak eta EHUk Euskerazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatu ditue Bilboko Bizkaia Aretoan. Ekitaldi berean Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu dabe. Sariak urte birik behin deitzen dira, eta bost-jakintza arlotan banatzen dira.

Euskaltzaindiak eta EHUk Euskerazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatu ditue Bilboko Bizkaia Aretoan. Ekitaldi berean Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu dabe. Sariak urte birik behin deitzen dira, eta bost-jakintza arlotan banatzen dira.

Arantxa Otegi Usandizaga, Karlos Ibarguren Olalde, Iñaki Lazkano Arrillaga eta Larraitz Zubeldia Arruabarrena sarituez gan, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore izan dira Bizkaia Aretoan.

Euskerazko ikerketea bultzatzeko eta sustatzeko asmoz sortu eben Euskaltzaindiak eta EHUk sariketea. Andres Urrutiaren berbetan, ekimenak finkotasuna eta sendotasuna erakutsi ditu. Badoa egonkortzen, izena hartzen, ganeratu dau. Saritutako tesiek zientziari eta jakintzeari ekarpena egiteaz aparte, hikuntzeari emondako bultzadea nabarmendu dau Iñaki Goirizelaiak.

Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak, Arantxa Otegik egindako tesia, izan da Ikasketa Teknikoak arloko onena. Osasun Zientzietan, Karlos Ibargurenen Helduen ospitalez kanpoko bihotz-birikietako geldialdien analisia Euskal Autonomia Erkidegoan saritu dabe, Karlos Ibargurenena. Iñaki Lazkanoren Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman aukeratu dabe Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak jakintza-arloan. Larraitz Zubeldiak idatzitako 'Omen' partikularen azterketa semantikoa eta praktikoa tesiak jaso dau Giza Zientzietako saria. Zientzia Esperimentak arloko saria hutsik geratu da. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak emon ditu sariak. Irabazleek oroigarria, diplomea eta 2.000 euro jaso ditue.

Edizino honetan EHUn, 2010eko garagarrilaren 16tik 2012ko bagilaren 15era bitartean euskeraz idatzi eta defendautako doktorego tesiak aurkeztu ahal izan dira deialdi honetara.


Joseba Sarrionandiaren itzulpengintzea aztergai

Beste alde batetik, Aiora Jaka Irizarrek Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu dau. Euskaltzaindiaren Iker bildumako 28. zenbakia da, hain zuzen be.

Liburua Jakak igaz defendautako doktorego tesiaren emoitzea da. Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina ezagutarazotea da lanaren helburu nagusia. Idazle iurretarrak euskerazko literaturara itzulpenak ulertzeko modu barria ekarri eban, Jakaren esanetan. Itzulpen-lanaren azalpen barritzailea egin eban Sarrionandiak. Itzultzea berridaztea eta birsortzea dala erexten deutso, sorkuntzarako beste baliabide bat da, azaldu dau.

Sarrionandia baino lehenagoko itzultzaileentzat fideltasuna zan erespide garrantzitsuena, jatorrizkoaren ahalik eta antzekoena izatea. Iurretarrak diskurtso hori moztu egin eban, eta ganera Europatik kanpoko hainbat hizkuntzatako testuak euskeratu zituan. Literatura 'txikiagoak', egile ezezagunak, idazle bazterrekoak... Munduko literaturearen beste bersino bat eskaini euskun.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu