Shanghaiko Euskal Etxeak Urrezko Abakoa emon deutso Bilboko Udalari, nazinoarte mailan egindako lanagaitik

Bizkaie! 2012-12-27 17:26   sariak-autortzak

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Urrezko Abakoa jaso dau Shanghaiko Euskal Etxeko idazkaria dan Asier Estankonaren eskutik, Bilboko Udalak nazinoarte mailan egindako lanaren autorpen moduan.

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Urrezko Abakoa jaso dau Shanghaiko Euskal Etxeko idazkaria dan Asier Estankonaren eskutik, Bilboko Udalak nazinoarte mailan egindako lanaren autorpen moduan. Sari hori urtero emoten deutse Euskal Etxe txinatarrak euskal kulturea eta nortasuna Asiako herrialde horretan sustatzen daben persona edo erakundeei, euren lanaren esker onez.

Shanghaiko Euskal Etxeko batzordeak 2012ko saria Bilboko Udalari emotea erabagi eban, Shanghai 2010 erakusketan izan eban presentziagaitik eta Euskal Herriko enpresariei merkatua zabaltzen eskainitako laguntzinoagaitik, besteak beste, zubiak eregi ditualako euskal enpresarien sarearen eta Asiako herrialde horren artean.

Shanghaiko Euskal Etxea 2004an sortu eben 17 bazkidek eta bere egoitzan batzen dira urian bizi diran euskal herritar gehienak, baita Txinan finkatutako euskal enpresa gehienak be. Bazkideen (30 norbanako eta 21 korporatibo) topagunea dan Shanghaiko Euskal Etxeak hainbat jarduera antolatzen ditu: Euskal Herriko zenbait jai ezagun (Bilboko Aste Nagusia, Donostiako Tanborradea, Gasteizko Zeledonen jaitsierea edo Iruñeko San Ferminak) eta Txina bisitetan daben kultura, gizarte edo politika arloko persona ezagunei egiten jakezan harrera-ekitaldiak.

Urrezko Abakoa saria Shanghaiko Euskal Etxeagaz batera sortu zan, hau da, 2004an. Bilboko Udalaren aurretik, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Euskal Selekzinoak edota Shanghaiko Euskal Etxearen sortzaileek jaso dabe saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu