Mari Puri Herrero, Gorabide, Euskal Herriko Txistulari Alkartea, Euskal emakumeen olinpismoa, Bart De Wever eta Idom dira 2012ko Sabino Arana Sariak

Bizkaie! 2012-12-20 13:49   sariak-autortzak

Sabino Arana Fundazinoaren sariek XXIV. aldia dabe aurtengo hau, eta urtero emoten dira, euskal nazionalismoaren sortzailearen jaiotzearen urteurrenaren zuzura. Sari horreen bidez, Fundazinoak bere esker ona eta goresmena agertzen deutsee, gizartearen aldeko eskaintza-gaitasunagaitik nabarmendu diran persona, erakunde nahiz gizataldeei.

Mari Puri Herrero margolari eta grabatzaile bilbotarra, Gorabide Bizkaiko minusbaliotasun intelektualdun personen aldeko alkartea, Euskal Herriko Txistulari Alkartea, Euskal emakumeen olinpismoa, Bart De Wever politikari flandestarra eta Idom enpresea izango dira 2012ko Sabino Arana Sariakaz goretsiko diranak; sari-banaketa ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian egingo da, datorren 2013ko urtarrilaren 27an, 12:00etan.

Sabino Arana Fundazinoaren sariek XXIV. aldia dabe aurtengo hau, eta urtero emoten dira, euskal nazionalismoaren sortzailearen jaiotzearen urteurrenaren zuzura. Sari horreen bidez, Fundazinoak bere esker ona eta goresmena agertzen deutsee, gizartearen aldeko eskaintza-gaitasunagaitik nabarmendu diran persona, erakunde nahiz gizataldeei.

Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluaga aitatu erakundeko zuzendariak jakinarazo ditue 2012ko sarituak. Adierazo daben legez, 'Sabino Arana Fundazinoak Mari Puri Herrero, euskal giroan bizirik dagoan artistarik ospetsuenetako bat, goretsi nahi dau, beraren karrera artistiko emonkorragaitik eta munduan zehar jaiaren kontzeptua ezagutarazoteagaitik Marijaia Bilboko Aste Nagusiko erreginearen bitartez. Izan be, euskal margolari eta grabatzaile horrexek sortu eban personaia maitatua, azken 35 urteotan beti izan dana ospakizunerako izaera edegi, alai eta alkartasunezkoaren eredu.

Era berean, sarien XXIV. aldi honetan, Sabino Arana Fundazinoak Gorabide sarituko dau, 'minusbaliotasun intelektuala daben personen bizi-kalidadea hobetzearren, Bizkaiko milaka familia eta hainbat profesional eta boluntario, minusbaliotasun intelektuala daben personakaz eurekin batera, egiten dagozan lanagaitik eta ahaleginagaitik; orain dala mende erdi baino gehiagotik dabilz zeregin horretan, alkar hartuta eta erakunde publiko eta pribatuen laguntzinoagaz. Denpora horretan guztian –nabarmendu dabe- Gorabidek lan bikaina egin dau, beti personea dauela helburu, euren eskubideen defentsan behar egiten konpromiso etiko batean oinarrituta, gaur egun bizitza ahalik eta osoena egiterik izan deien ahalbidetuz.

Datorren urtarrilaren 27an emongo diran sarietako beste bat Euskal Herriko Txistulari Alkartearentzat izango da, kolektibo horrek, gure kulturearen ikurretako bat, txistua artatzen, ezagutarazoten, hobetzen eta haren errepertorioa ugaritzen egiten dauen lan ekin eta emonkorragaitik.

Sabino Arana Fundazinoak euskal emakume kirolari olinpikoek historian zehar izan daben parte-hartzea, ahalegina eta errendimendua be ituko dau. 1948tik 60tik gora euskal emakume olinpiko, lurralde eta diziplina guztietakoak, euskal emakume kirolari guztien burrukearen, adorearen eta konpromisoaren ikur izan dira. Horreen guztien izenean, saria Ibone Belaustegigoitiak (Bilbao, 1930) jasoko dau, Olinpiar Jokoetan parte hartutako lehenengo euskal emakumeak; Londresen izan zan 1948an;Mexiko ordezkatuz egin eban, izan be, gerra zibilaasi zanean, hara iges egin behar izan eban txikitan familiagaz batera. Ibone Belaustegigoitiaren kirol espezialidadea jauzi-ohol edo tranpolina da.

Bart De Wever politikari flandestarra, Flandestar Aliantza Barria, NV-A, alderdiko presidentea izango da sarituetako beste bat; alderdi horrek Europa barruan Flandes independentea lortzeko lan egiten dau. Sabino Arana Fundazinoaren goresmena, Belgika estadu konfederal bihurtzeko eta Flandes Europar Batasuneko eskubide osoko kide lez eratzeko egiten dagozan burrukeari eta lortu daben gizarte-babesari.

Beste alde batetik, IDOM bilbotar multinazionalak be jasoko dau Fundazinoaren esker ona. Enpresa hori liderretako bat da Estaduko zein nazinoarteko merkatuetan energia, azpiegiturak, arkitektura eta aholkularitza esparruetan. Sabino Arana Fundazinoak kasu honetan nabarmendu eta eskertu nahi dau multinazionalak egin dauen ahalegina bere sustraiak Bilbon finkatzeko eta krisiari inbersino barriakaz aurre egiteko, eta horren guztiaren ikur Zorrotzaurren dauen egoitza barria dogu. IDOMek 2.500etik gora behargin ditu, lau kontinentetako hamasei herrialdetan kokatutako 34 bulegotan banatuta. Erronka barriei erantzun nahi deutse, hau da: I+G+B, lehiakortasuna eta nazinoarteratzea, beti be etenbako hobekuntzea, bikaintasuna eta etorkizuna helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu