Luis Garde nafarrak irabazi dau Blas de Otero-Bilboko Uribildua Poesia Saria

Bizkaie! 2012-12-11 16:27   sariak-autortzak

Luis Garde Iriarte nafarra izan da Blas de Otero-Bilboko Uribildua Poesia Sariaren bosgarren edizinoaren irabazlea, euskerazko modalidadean, Maizter arrotza liburuagaz. Ana Perez Cañamares idazle kanariarraren Las sumas y los restos lanak irabazi dau gaztelaniazko atalean.

Luis Garde Iriarte nafarra izan da Blas de Otero-Bilboko Uribildua Poesia Sariaren bosgarren edizinoaren irabazlea, euskerazko modalidadean, Maizter arrotza liburuagaz. Ana Perez Cañamares idazle kanariarraren Las sumas y los restos lanak irabazi dau gaztelaniazko atalean.

Lehiaketeak inoizko partaide kopururik handiena izan dau aurten. Gaztelaniaz 468 lan eta euskaraz 15 lan aurkeztu dira; 2011ko edizinoan 241 eta 13 aurkeztu ziran, hurranez hurran.

Nazinoarteko lehiaketearen epaimahaiak azpimarratu dauenez, sortu eta bost urteko epe laburrean, lehiaketea, literatur panoraman gehien baloretan dan eta partaidetza handienetakoa dauen hitzorduen artean finkatu da, bere historiako partaidetzarik handiena lortuz. Horrezaz gan, aurkeztutako poema liburuen gai anitzak eta finalera heldu diran lanen kalidade maila handia azpimarratu dau.

Sari banaketa ekitaldia gaur eguerdian egin da, Bilboko udaletxeko Areto Arabiarrean, eta bertan Iñaki Azkuna alkateak eta Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotzi eta epaimahaiko presidenteak hartu dabe parte, epaimahaiko zenbait kide eta azken edizino honetako sarituakaz batera.

Euskeraz idatzitako lanen artean, Juan Ramon Madariaga eta Miren Agur Meabe idazleek eta Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariak osotutako epaimahaiak, estilo moldez oparoa dan eta irudietan originaltasuna erakusten dauen Maizter arrotza lana azpimarratu dau. Bertso-lerro batzuk oso trinkoak eta iradokitzaileak dirala eta poemarioak pisua eta irmotasuna agiri dituala adierazo dau epaimahaiak.

Donezteben bizi dan Luis Garde Iriarte (Iruñea, 1961) Filologia Hispanikoan lizentziatua da. 2003an, Felipe Arrese Beitia Euskaltzaindia-BBK poesia saria irabazi eban Oihan nabarra lanagaitik. 2007an, bigarren poema liburua argitaratu eban, Haize hegoaren aroak, eta urte horretan bertan beste poema liburu bat argitaratu eban, Urtzailearen beharra. Lan horren proiektuagaz Joseba Jaka bekea irabazia eukan lehendik.


Gaztelaniaz

Sabina De la Cruz Blas de Otero Fundazinoko presidente eta literatur sari honi izena emoten deutson poetearen alarguna, Jose Fernandez de la Sota, Juan Carlos Mestre eta Juan Jose Lanz izan dira epaimahaiko kideak gaztelaniaz idatzitako lanen arloan.

Epaimahaiko kideen eretxiz, Las sumas y los restos eguneroko bizitzako ekatxei eta hondoratzeei buruzko poema liburua da, tonu errealistan eta kritikoan idatzia. Bertan, egungo egoera gogorraren deskribapenagaz batera, errealidadearen gune ilunenak, sarritan gehien ahazten diranak, argitzen laguntzen daben aurkikuntza liriko ugari agertzen dira. Escribo palabras como barandillas, esaten dau poeteak bertso batzuetan; bertso horreek, itxaropenak etenbarik distira egiten dauen eta konpromisoz beteta dagozan testuen gida lez har daitekez.

Ana Perez Cañamares (1968) Tenerifeko Santa Cruzen jaio zan eta Madrilen bizi da. Bere ipuinetako batzuk antologietan agertu dira. 2007an, lehenengo poema liburua argitaratu eban, La alambrada de mi boca, eta lan horren bigarren edizinoa 2009an kaleratu zan. En días idénticos a nubes kontakizun liburua eta Alfabeto de cicatrices poema liburua be kaleratu ditu.

Blas de Otero-Bilboko Uribildua Saria 2008an abiarazo eban Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, poeta bilbotarraren ondarea kudeatzen dauen Blas de Otero Fundazinogaz alkarlanean. Lehiaketearen helburua literatura-sormena sustatzea eta bilbotarrei bertako egile azpimarragarrienetakoa hurreratzea da. 6.600 euroko saria dago modalidade bakotxerako (gaztelania eta euskerea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu