Manuel Lekuona gogoratuko dabe zemendiaren 7an Oiartzunen
2012-11-05 10:56 sariak-autortzakManuel Lekuona euskaltzaina, antropologoa eta hizkuntzalaria hil zala 25 urte bete diran honetan (garagarrilaren 30ean), Oiartzungo Udalak omenaldia eskainiko deutso Etxetxikiko abadeari.
Manuel Lekuona euskaltzaina, antropologoa eta hizkuntzalaria hil zala 25 urte bete diran honetan (garagarrilaren 30ean), Oiartzungo Udalak omenaldia eskainiko deutso Etxetxikiko abadeari. Holan, zemendiaren 7an kultur ekitaldi berezia izango da udaletxeko areto nagusian, 19:00etan, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazo dabenez. Ekitaldian parte hartuko dabe udal ordezkariek, Manuel Lekuona zanaren senideek, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko ordezkariek, izan be, bi erakunde horrekaz hartu-emon estuak izan zituan Manuel Lekuonak bizi zan artean.
Egun horretan bertan, Euskaltzaindiak Zuzendaritza batzarra egingo dau Oiartzunen bertan, Manuel Lekuona bera euskaltzaina (1950) eta euskaltzainburua aukeratua izan zalako (1967tik 1970era), Jose Maria de Lojendioren ostean. Iruñean egin eban sarrera-hitzaldia, Gorotzika'tik Gurutzeaga'ra izenburua izan eban txostena irakurriz. Era berean, Axularren Gero liburuaren laugarren edizinoa atondu eban, Euskaltzaindiaren aginduz.
Era berean, Manuel Lekuona zana omentzeko bertso saioa be antolatu da, asko maite ebalako bertsolaritzea. Batez be, Manuel Lekuona izan zanaren figurea gazteei hurreratzeko antolatu da saioa. Jon Martinek, Jokin Urangak, Igor Elortzak eta Jon Maiak kantauko dabe, Ander Lizarraldek jarritako gaien inguruan. Saioa zemendiaren 9an izango da, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian, 22:00etan. Sarrerea doban izango da, leku guztiak bete arte.
Manuel Lekuona Etxabeguren Etxetxiki baserrian jaio zan 1894an. Bere bi anaia -Martin eta Julian- fusilau zituen frankistek 1936ko Gerran; Manuel, barriz, erbesteratu egin zan Calahorrara (Errioxa). Euskal Herrira itzuli zanean Andoainen lekutu zan, Rikardo Arregi zanaren etxean, eta 1976an itzuli zan Oiartzunera, Martin ilobearen etxera.
Arlo asko landu eta aztertu zituan bizi zan artean: euskerea -ahozko literaturea batez be-; bertsolaritzea; antzerkia, izan be, Eun dukat lana idatzi eban; etnografia; artea eta pinturea; berbaldiak emon eta artikuluak idazten zituan komunikabideetan; Oiartzun urtekarian be kolaborau eban. Bizi osoan zehar egindako lana Opera omnia lanean jaso eban, 18 liburukitan.
Oiartzungo Udalak herriko seme kutun izentau eban Manuel Lekuona 1988an, hil ondoren. Aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak be izentau eban seme kutun, 1983an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!