Danele Sarriugartek irabazi dau Igartza saria
2012-09-14 10:46 sariak-autortzakEpaimahaiak hamabi lanen artean egin behar izan dau aukeraketea, eta, azkenean, aho batez hartu dau Sarriugarteren Mamuak eleberri proiektua saritzeko erabagia. Kontuak kontu, 6.000 euroko diru laguntzinoa jasoko dau elgoibartarrak.
Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) irabazi dau Igartza literatur saria, idazle gazteak sustatzeko asmoz urtero Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpreseak antolatzen dabena. Uxue Alberdik, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osotutako epaimahaiak hamabi lanen artean egin behar izan dau aukeraketea, eta, azkenean, aho batez hartu dau Sarriugarteren Mamuak eleberri proiektua saritzeko erabagia. Kontuak kontu, 6.000 euroko diru laguntzinoa jasoko dau elgoibartarrak, erdia orain, eta ganerakoa behin lana amaituta daukanean.
Haustura sentimentala sufridu dauen emakume gazte baten gogoetak agertzen dira liburuan oinarrian. Emakume obsesibo bat da Mamuak eleberriko personaia nagusia eta kontalaria. Bikote-harreman baten amaierea kontauko dau protagonisteak. Ez da oso modu politean amaitu harreman hori. Gurasoak be, ezkonduta dagoz, baina ez dabe alkar maite. Jente askok dauka autotorturetako jokerea, eta emakume hau be holakoa da, horren adibide garbia da, esan dau idazleak aurkezpenean.
Gaiari egokitutako estiloa erabili dau Sarriugartek, eta, beraz, alkarrizketek leku gitxi izango dabe bakarrizketa luzearen aldean. Intensidade handiko idazkerearen aldeko hautua egin dau, hori dalako gustuko dituan autore batzuen ezaugarrietako bat; uste dot bizitzan holakoa izatea nekagarria eta osasunerako kaltegarria dala, baina helburu estetikoetarako ezin hobea iruditzen jat, azaldu dau.
Izenburua, Miren Agur Meaberen olerki-zati batetik hartu eban Sarriugartek; holan ekarren Meabek Bitsa eskuetan liburuan: 'Hona hemen nire ile gorria / mamu tematien kukuleku'.
Danele Sarrigarte Mochalesek 23 urte ditu eta aurretik libururik argitaratu bakoa da. Itzulpengintzan lizentziatua, martiaren hasieratik intzulpengintzeari buruzko webgunea dauka zabalik, Garazi Arrulagaz batera, elearazi.org da izena.
Ezustekorik ezean, Mamuak eleberria 2014 hasierarako argitaratuko da. Goiatz Labandibar igazko irabazlearen lana, ostera, datorren martian da kaleratzekoa. Interrail deitu deutso, eta Europako urietan girotutako istorioak batzen ditu.
Idazle gazteei bultzatzeko sortu zan Igartza Saria, orain 15 urte. Gero bide luze eta emonkorra egin daben idazleak izan dira irabazle,besteak beste, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Jasone Osoro, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez eta Fernando Morillo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!