Jaso barri ditue Bizkaitar Argi dominak Gorabidek, Felix Goñi Urcelayk eta Gerra Zibileko bonbardaketen biktimek

Bizkaie! 2012-07-25 15:56   sariak-autortzak

Aintzatespen horren helburua da edozein gizarte-jardueratan beren jokabide, zerbitzu eta jokaereagaitik Bizkaia eta haren balioen sustapenerako lagundu daben persona fisika edo juridiko, entidade edo herritarren taldeak nabarmentzea.

Bizkaitar Argi dominak Bizkaiko Ahaldun Nagusi José Luis Bilbaoren eskutik jaso ditue gaur, hilak 25, Gorabide irabazteko asmorik bako alkarteak, UPV-EHUko biokimikako eta biologia molekularreko katedraduna dan Felix Goñi Urcelayk eta Gerra Zibileko bonbardaketen biktima zibilek.

Aintzatespen horren helburua da edozein gizarte-jardueratan beren jokabide, zerbitzu eta jokaereagaitik Bizkaia eta haren balioen sustapenerako lagundu daben persona fisika edo juridiko, entidade edo herritarren taldeak nabarmentzea.

Bereizkuntza horreek Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiko harrera aretoan egin dan ekitaldi batean entregau dira. Gorabideren izenean, dominea alkarteko presidenteak, Hugo Barojak hartu dau. Gerrako biktima zibilen kasuan, 1936tik bonbardaketak sufridu zituen Bizkaiko 37 udalerrien izenean goraipamena hartu dabe Durangoko alkateak, Aitziber Irigorasek, eta Gernikako zinegotziak, Maria Uribek. Azkenik, Félix Goñi Urcelayk berak hartu dau arlo akademikoan zein ikerkuntzearen arloan egindako ibilbide luze eta bikaina aintzatesten eta omentzen dauen saria.

Goraipamen horreek banatzeko ekitaldian José Luis Bilbaok adierazo dauenez, Bizkaia eta haren balioen sustapenerako laguntzeaz gan, erakunde, persona eta kolektibo horreen ezaugarririk garrantzitsuena, benetan, Bizkaiko gizarteari modu batean edo bestean emoten deutsien zerbitzua da: Gorabidek, ezgaitasun intelektuala daben personen autonomia sustatuz eta euren duintasuna babestuz; Félix Goñik, giza jakintza handituz eta aberastuz; eta bonbardaketen biktima zibilek, gizarte batean sekula gertatu behar ez litzatekeenaren lekuko eta oroitzapen moduan.

Era berean, José Luis Bilbaok ondokoa adierazo dau: sasoi latzak dira alde ekonomikoan zein alde sozialean, eta premiazko guztia garrantzitsua danagaz nahasten da, baina ez nago ados apliketan eta iragarten dagozan eta guri guztioi kalte egingo deuskuen neurri eta murrizketa askogaz. Neurri horreen artean aitatu ditu menpekotasunaren ondoriozko gastuan egin dan sakrifizioa edo ikerkuntza zientifikoaren inbersinoan egin dan murrizketea.

Azkenik, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak memoria bizirik mantentzeko eta Bizkaian 37 herri gitxienez bonbardeauta eta milaka biktima errubako itxi zituen Gerraren izugarrikerien belaunaldi arteko transmisinoa bultzatzeko deia egin dau.


Bizkaitar Argia saridunen zerrendea

Hiru izen horreek bat egingo dabe orain arte Bizkaiko Foru Aldundiak omendu dituan ganerakoakaz; Bizkaitar Argien zerrendan dagoz, esaterako, Miguel Madariaga, Juan María Uriarte, Pete Cenarrusa eta Pilar Aresti, azken edizinoan, 2010. urtean, aintzatetsi ziranak.

Horreez gan, honako honeek be Bizkaitar Argi autorpena jaso dabe: Manu Leguineche kazetaria eta Radio Bilbao eta Bilboko Eleizbarrutiko Cáritas-ek (2008); Carmelo Bernaola, Ander Manterola eta Adrian Celaya (2002); San Juan de Dios Ospitalea, Txo Hiesa Elkartea, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoa eta Jon Bilbao Fundazinoa (2000. urtean); Athletic Club de Bilbao, Basurtuko Ospitalea eta Félix Ayo biolinistea (1998an); Dolores Ibarruri La Pasionaria, Angel Galíndez, Marcelo Gangoiti eta Joaquín Achucarro (1996); Ramón Rubial, José Ignacio López Arriortua eta Marino Lejarreta (1992an); José Ángel Sánchez Asiain, Pedro Toledo eta Juan Ramón Urquijo (1990ean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu