Jose Inazio Basterretxeak irabazi dau Gabriel Aresti XXIX. Ipuin Lehiaketaren euskerazko saria

Bizkaie! 2012-06-13 11:03   sariak-autortzak

Jose Inazio Basterretxea Polo (Galdakao, Bizkaia, 1959) izan da euskerazko kategorian irabazlea, Berunezko iretargia quilates baporean kontakizunagaz, eta Mariano Quiros (Resistencia, Chaco, Argentina, 1979) izan da gaztelaniazko sariaren irabazlea, Cazador de tapires ipuinagaz. Bakotxak 4.100 euro eroango ditu.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak deitu dauen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen 29. edizinoak baditu irabazleak. Jose Inazio Basterretxea Polo (Galdakao, Bizkaia, 1959) izan da euskerazko kategorian irabazlea, Berunezko iretargia quilates baporean kontakizunagaz, eta Mariano Quiros (Resistencia, Chaco, Argentina, 1979) izan da gaztelaniazko sariaren irabazlea, Cazador de tapires ipuinagaz. Bakotxak 4.100 euro eroango ditu.

Sari banaketea Bilboko udaletxeko Areto Arabiarrean egin da asteon eta bertan egon dira Iñaki Azkuna alkatea eta Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotzi eta epaimahaiko burua, epaimahaiaren beste kide batzuk eta saria irabazi daben idazleak. Bilboko literatura lehiaketa ezagunenetakoa da Gabrie Aresti Ipuin Lehiaketea, eta azken urtean bikoiztu egin ditu partaideak.

Aurtengo edizinoaren epaimahaiak parte-hartze handia azpimarratu dau; 1.498 jatorrizko lan aurkeztu dira -lehiaketearen ia 30 urteetan izan dan kopururik handiena-, 41 euskeraz eta ganerakoak gaztelaniaz. Horreetatik 1.038 Estadutik bialdutako lanak izan dira, eta 460 munduko beste lekuetatik, Hego Amerikako herrialdeetatik, batez be.

Katixa Agirre, Juan Cruz Igerabide eta Igor Estankona idazleek osotutako epaimahaiak, euskerazko kategorian lehiaketara aurkeztutako gai eta estiloen aniztasuna azpimarratu dau. Epaimahaiaren ustez, Inazio Basterretxea Poloren Berunezko iretargia quilates baporean kontakizuna izan da aurkeztutako 41 ipuinen arteko onena.

Epaimahaiaren arabera, ipuinak, hasiera indartsu baten bidez, Gerra Zibilaren pasarte gogor batera garoaz, kronikearen teknikea erabiliz hunkidura distantea lortuz.

Jose Inazio Basterretxea Polo Informazino eta Komunikazino Zientzietako doktore eta EHUren irakasle titularra da. Euskeraz idatzitako lau eleberri argitaratu ditu, horreetako azkena Azken Tranbiaren Itzala (2011). Ipuinak be kaleratu ditu, besteak beste, Ilargi amandrearekin, ikimilikiliklik (2009) eta Karakolen danbolin zuriak (2010).


Gaztelaniaz

Gaztelaniazko modalidadearen epaimahaiak era positiboan balorau dau aurkeztutako lanen maila orokorra, literatura lehiaketa baten formatura eta ezaugarrietara ad-hoc egindako aurreikusteko moduko egitura ugari ikusi badira be. Gaiei jagokenez, epaimahaiaren kideek errealismoaren presentzia eskasa azpimarratu dabe. Hori guztia dala eta, epaimahaiak era berezian balorau ditu saritutako kontakizunen freskotasuna eta originaltasuna.

Mikel Alvira, Jon Bilbao, Maria Maizkurrena, Sebastiana Rodriguez, Miren Elixabete Tolarechipi, Willy Uribe eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osotutako epaimahaiak, Mariano Quirosen Cazador de tapires lana aukeratu dau. Aukeraketa horretan era berezian balorau da ondo eregitako ipuina dala, txunditu egiten dauena, irakurlearentzat oso interesgarria dan paisajeagaz.

Horrezaz gan, pertsonaien deskribapen burutsua eta zorrotza azpimarratu dau epaimahaiak, kontakizunak era seguruan egiten dauelako aurrera, protagonistearen inozentziaren galereagaz batera, deskribapenezko efektuak gehiegi erabili barik.

Mariano Quiros argentinarra idazle eta gizarte-komunikatzaile eta Cuna kultur aldizkariaren edukien arduraduna da. Bere ipuinak hainbat antologiatan jaso dira. 2008an, German Parmetler eta Pablo Black idazleakaz batera, Cuatro perras noches ipuinen liburua argitaratu eban, Luciano Acosta artista plastikoaren irudiakaz. 2008an, Bienal Federal Saria irabazi eban Robles eleberriagaz. 2010ean, Torrente eleberriari esker Narratiba Barriko Jaialdi Iberoamerikarreko lehen saria irabazi eban. Horrezaz gan, Laura Palmer no ha muerto bigarren lehiaketaren lehen saria irabazi eban Río Negro eleberriagaz.

Bestalde, Bilboko Udalak hiru accesit be banatu ditu, bakotxa 2.050 eurokoa. Gaztelaniaz aurkeztutako lanei emondako biak Maite Sasia Vergara txiletarrarentzat, Putamadre kontakizunagaitik, Juan Andrés Saiz Garrido espainiarrarentzat, El negro Betancourt lanagaitik, izan dira. Euskerazko lanen artean banatutako akzesita Jon Abril berarrari emon jako, Pascual izeneko ipuinarengatik.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketea urtero deitzen dau Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, eta bere helburua literatur jarduera eta talentu barrien agerpena sustatzea da, baita Gabriel Aresti idazle bilbotarraren oroimena eta lana gogorarazotea eta bizirik iraunarazotea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu