Esther Ferrer, Sergio Prego eta Xabier Saenz de Gorbea, 2012ko Gure Artea saridunak

Bizkaie! 2012-06-05 17:50   sariak-autortzak

Esther Ferrer bere ibilbide artistikoagaitik saritu dabe; Sergio Prego, sormen jardueragaitik; eta Xabier Saenz de Gorbea, ikusizko arteen eremuan egindako jarduerakaitik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Antonio Riverak eta Gure Artea sarien epaimahaiko presidente Fernando Golvanok Gure Artea sarien 2012ko edizinoko irabazleen barri emon dabe. Esther Ferrer bere ibilbide artistikoagaitik saritu dabe; Sergio Prego, sormen jardueragaitik; eta Xabier Saenz de Gorbea, ikusizko arteen eremuan egindako jarduerakaitik.

Gure Artea sariek 65.000 euro banatzen ditue: lehen modalidade biek 25.000 euroko saria daukie, eta hirugarrenak, 15.000 eurokoa. Gure Artea sarien helburua saridunek egindako lana zeozelan ordaindu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartzea da.

Esther Ferrer (Donostia, 1937), 1966an Zaj taldeagaz hasi zanetik, artista aitzindaria izan da ekintza-artearen arloan. Bere ibilbidean performancea barriztau eta garatu dau. Hori dala eta, nazinoartean bere lanaren garrantzia autortu deutse. Gaur egun ikuskizunetan, jaialdietan eta arte-zentro garrantzitsuenetan euskal artista ezagunenetakoa da. Estudioan, hainbat pieza egin ditu, eta zenbaki lehenen poetika misteriotsuagaz lotu ditu guztiak. Ferrerren obra kontzeptualen artean dagoz, esaterako, El poema de los números primos eta El triángulo de Napoleón. Gasteizeko Prado parkean obra publiko bat dauka; zenbaki misteriotsu horreen teoreman oinarritutako muntaketea.

Sergio Prego (Hondarribia, 1969) bere sorkuntzen esperimentaltasunagaitik nabarmendu da. Bideoa erabilten dau eskulturea eta instalazinoa ikertzeko, eta gorputzaren, espazioaren eta bien arteko hartu-emonen inguruan aurretik finkatutakoa aztertzen dau. 60 eta 70eko hamarkadetako artista kontzeptual minimalista edo performatibo batzuen korrontea eredu hartuta, eskulturearen kontzeptua zabaldu daben gailuak sortu ditu, holan, espazioa ulertzeko eta esperimentetako beste modu batzuk sortu ditu. Nazinoarte mailan arte publikoaren inguruko hainbat esku-hartzetan parte hartu dau, Vito Aconcciren proiektuen edo beste artista batzuen proiektuen bidez. Sergio Pregok banakakoak izan ditu ditu Sienako Palazzo delle Papessen, Bilboko Rekalde Aretoan eta Napoliko Alfonso Artiaco, Koloniako Buchman edo New Yorkeko Lombard-Freid Fine Arts galerietan.

Xabier Saenz de Gorbearen (Areatza, 1951) ibilbidea luzea da euskal arte modernoaren eta garaikidearen arloan, esaterako, arte kritikari, komisario, ikerlari, sustatzaile eta EHUren Arte Ederretako Fakultadeko irakasle izan da. Arte kritikari ibili da prentsa idatzian eta aldizkari espezializatuetan. 1980ko hamarkadatik aurrera, ia ehun erakusketetan komisario izan da, berbarako, Guiard, Arteta, Tellaeche, Lucarini, Oteiza, Basterretxea, Ortiz de Elgea, Dionisio Blanco, Mikel Díez Alaba eta Iñaki de la Fuenteren ganeko erakusketen komisariotzea egin dau. Saiakera eta monografia ugari idatzi ditu. Ganera, Remigio Mendibururen obrea katalogau dau. Windsor galeriaren sortzaileetakoa da. Euskal Artisten Alkarteko (1983. urtean sortua) kide aktibo eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Kontseiluaren aholkulari izan zan, 1988tik 1991erako epean. ETB eta Bizkaiko Foru Aldundirako arte bideoen gidoilari eta errealizadorea izan da.

Gure Artea sarien 2012ko epaimahaiko kide izan dira: Fernando Golvano, EHUko Filosofiako fakultadeko irakasle, komisario eta arte kritikaria; Aimar Arriola komisario eta ikertzailea; Alicia Fernandez historiagile, arte kritikari, komisarioa eta Rekalde aretoko zuzendari; Ana Roman eta Maider Lopez artista eta Arte Ederretan lizentziadunak.

Gure Artea sarietan hiru modalidade dagoz. Arte ibilbidea autortzeko saria, sorkuntza jarduerea autortzeko saria eta ikusizko arteen arloan eragileek egindako jarduerea autortzeko saria. Bigarrenez egin da Gure Artea sarien deialdia modu honetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu