Gaizka Arostegi, Mikel Zarate sariaren irabazle

Bizkaie! 2012-05-30 17:58   sariak-autortzak

Gaizka Arostegi bizkaitarrak idatzitako Urrezko orrazia nobeleak irabazi dau Mikel Zarate haur literaturako saria. Holan erabagi dau Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak, eta berak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, udagoienean kaleratuko da.

Gaizka Arostegi bizkaitarrak idatzitako Urrezko orrazia nobeleak irabazi dau Mikel Zarate haur literaturako saria. Holan erabagi dau Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak, eta berak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, udagoienean kaleratuko da.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu eben orain urte bi sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez. Lehen urtean Asier Mendoza zarauztarra izan zan irabazlea, banpiroei buruzko Beste gu izeneko liburuagaz; igaz, barriz, Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da izan zan irabazlea.

Hirugarren ekitaldi honetan, aurkeztu diran 17 lanen artean Arostegirena hautatu dau epaimahaiak aho batez. Bi hari nahasten ditu istorioak abilezia handiz: batetik, familia bat daukagu, aita-ama eta alaba batez osotua, herentzian jasotako etxe zahar batera doana, eta bere gorabeherak dituana; bestetik, barriz, fantasiazko mundu bat dago, euren ondo-ondoan: sorginak eta sorginkeriak, laminak eta beste izaki mitologiko asko. Hari biak zelako trebeziaz txirikordatzen diran eta tramearen korapiloak zein ondo askatzen dituan, horra liburuaren dohainetako batzuk.

Gaizka Arostegi Portugaleten jaio zan 1965ean eta Castro Urdialesen bizi da gaur egun. Telebistan lan egin izan dau, teknikari lez, eta horrezaz gan helduentzako hainbat libururen egilea da, euskeraz zein gaztelaniaz. Oraintsu hasi da umeentzako idazten, eta gaur bertan Nerbioiko piratak lana plazaratu dau Bilbon, umeentzako idatzitako lehenengo nobela laburra. Liburuan Bruno Hidalgo ilustratzailearen marrazkiak agiri dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu